BHk Tiloseta eta Plaza berritzeko proiektuaren inguruan ´eztabaida zabala` behar dela adierazi du

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 18a, 02:00

Proiektuaren balorazio ´oso ezkorra` egin du plataformak.

BILDU HERNANI plataformak Tiloseta eta Gudarien Plaza berritzeko proiektuari buruzko bere iritzia eman du. Herri plataformak uste du bi leku horiek ´herriaren nolabaiteko bihotza` direla eta horregatik edozer proiektu onartu aurretik ´prozesu parte har tzaile bat` bideratu behar dela: ´ez egungo udal taldeak egiten duen bezala, lehenbizi proiektu bat onartu eta ondoren hilabete eskas bat eman aldaketak proposatzeko`, dio.

Hiru puntuko eskaera
Horren aurrean, BHk hiru puntu edo pausoko eskaera egiten dio Udalari: 1) Herritarren artean eztabaida ireki ´nolako Plaza eta Tilosak nahi ditugun jakiteko`. Hainbat gai jartzen ditu mahai gainean puntu honetan: frontoia estali behar den edo ez, San Joanetan jai gune nagusia dela kontuan hartzea eta abar. 2) Ideia lehiaketa bat ireki eta proposamenak jaso herritarren partehartzearekin 3) Proiektua onartu eta lanean hasi, aurreko pausoak bermatuta. ´Balorazio oso ezkorra` BHk egungo proiektuaren balorazio ´oso ezkorra` egin du. Plataformak dio Plazako zuhaitz guztiak eta Tilosetako dozena bat zuhaitz botako direla kioskoarekin batera, eta uste du ´planteatzen den irtenbidea desegokia` dela. Bestetik, BHk dio herritarrei ´hilabete eskas` ematen dietela proiektua aztertzeko eta horren aurrean eskatu du epe hori luzatzea eta ´jendeari erraztasunak ematea`, kultur etxean erakutsita, panel informatiboen bidez edo ´beste hainbat neurri hartuta`, dio. BHk herritar guztiak gonbidatu ditu arreta berezia jarri dezaten ´zaintza berezia merezi` duten lekuak baitira bere iritziz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!