Bi zita garrantzitsu dituzte goi mailan dabiltzan Hernaniko bi kirolarik gaur eta bihar: gaur Oier Mendizabal pelotariak Asegarce adarreko finala jokatuko du Labriten, Retegi Bi lagun duela, Arretxe II eta Beginoren aurka, 18:15etan. Bihar, berriz, Ixiar Urdangarin korrikalariak Espainiako Kros Txapelketa du Asturiasko La Morgal-Llaneran, arratsaldeko 13:00etan.
Oier Mendizabalek profesional ibilbideko partidurik garrantzitsuena izango du gaur, promesa txapelketako finalean. Berak eta Retegi Bi-k Arretxe II eta Begino izango dituzte aurrean; bikote gogorra. Sailkapen fasean hernaniarrak eta Retegik gainditu zituzten Arretxe eta Begino eta berriz ere gauza bera egiten saiatuko dira. Partiduko gakoetako bat Beginori ezkerra bilatzea izan liteke Mendizabalek Kronikari esan dionez: ´Beginok beste kolpe bat dauka gaur egun eta pelota paretera arrimatzen saiatu behar dugu, eskubiz ahalik eta gutxiena sartu dedin`.
Lanerako pronto
Gaurko partiduan lana gogotik egitea egokituko zaio pelotari hernaniarrari, baina, horretarako mentalizatua dago. ´Beginoren aurka jokatuta atzeko koadroetan lan egitea tokatuko zaidala badakit, baina, mentalizatua nago horretarako`. Mendizabalek gora egin du gainera txapelketa honetan eta konfiantza haundiarekin ari da azken partiduetan.
Tentsioko partidua
Gaurko finala tentsio haundikoa izango da, eta tentsio horri ondo erantzuteak zeresana izango du. Aurreko partidua, Saralegi eta Urrizelkiren aurkakoa ere tentsio haundikoa izan zela dio Mendizabalek eta egia esan etekin ona atera zion hernaniarrak, partidu bukaera dotorea egin baitzuen.
Aspeko adarrekoak zain
Asegarceko adarreko finala izango da gaurkoa, baina, Aspen dagoeneko erabakia dago nork jokatuko duen Asegarceko irabazleen aurka. Gaur irabazten duenak Larralde eta Arizmendiren kontra jokatu beharko du profesionaletako bigarren mailako txapela. Labriteko jaialdia 17:00etan hasiko da eta finalaz gain jaialdi dotorea prestatu dute. Finala bigarren partidua izango da eta arratsaldeko 18:15ak inguruan da hastekoa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!