«Horrenbeste jenderen aurrean kantatzeko deseatzen nago»

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 17a, 02:00

Sorkunen ahotsa ezaguna da Euskal Herrian eta gaur Hernanin izango da zuzenean kontzertua emateko. Kronikak hitz batzuk egin ditu kantari errenteriarrarekin.

Bakarka kaleratzen duzun bigarren diskoa da Duna. Zer aurkituko du entzuleak bertan?
Zine musikal batean parte hartzeko eskatu zidaten eta azkenean proiektua bertan behera geratu bazen ere, buruan ideia asko sortu zitzaizkidan horren harira. Hortik abiatuta egin genuen Duna diskoa eta agian horregatik da ezberdina.

Zure ibilbidean musikari ezagun askorekin kolaboratu duzu, Fermin Muguruzarekin, adibidez. Zer eman dizu horrek?
Ferminekin kantatzea ia-ia famili giroan egotea bezala da niretzat. Aukera paregabea da bidaiatzeko eta jaialdi garrantzitsuetan aritzeko.

Sagarrondotik-eko kartelera ikusita harritu egin zinela esan zenuen aurkezpenean...
Bai egia da. Musikari dagokionez ez du zerikusirik. Baina horrek erakusten du Euskal Herrian denetatik dagoela eta Flamenkoa bezalako musikak, adibidez, oso presente daudela. Ni arro nago bertan joko dugulako.

Zer eskaintzen dizu zuri jaialdi honek?
Negu osoa pasa dugu gaztetxe eta sala txikietan jotzen. Orain deseatzen nago horrenbeste jenderen aurrean kantatzeko.

Eta errepertorioa prest duzue?
Duna eta Onna diskoetako kantak joko ditugu eta baita Kashbadeko garaietako bertsio bat ere.

 Bukatzeko, zer esango zenieke gaur zu ikustera etorriko diren guztiei?
Sagardo asko edateko, eta dantza egiteko. Badirudi hemengoei kosta egiten zaiela dantza egitea, batez ere mutilei. Ea animatzen diren!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!