KARPA, edariak serbitzeko barrak, argi eta soinu instalazioak... dena dago prest Sagarrondotik’06 jaialdiari hasiera emateko, eta gaueko 21:00etan izango da hori, musikariek lehenengo notak jotzearekin batera. Sona haundiko taldeak izango dira berriro ere Hernanin: Chambao andaluziarrak, flamenkoa eta musika elektronikoa uztartuz, Loquillo y Trogloditas beteranoa, Sorkun polifazetikoa, Pal Keli desagertu berri den O’Funkillo taldeko kidea eta THC iruindarra, fusioaren erakusgarri.
Taldeen ordena azken momentuan jakingo da
Kontzertuetarako sarrerak erosteko takila 18:00etan irekiko dute eta 24 euro balio du sarrera bakoitzak. Karparako sarrera berriz 20:00etan irekiko dute. Antolatzaileek oraingoz ez dute jakinarazi talde bakoitzak noiz joko duen eta zein izango den kontzertuen ordena, beraz, taularatu ahala jakingo dute entzuleek zein taldek noiz joko duen.
Karabelgo sarbideak itxita
Udaltzaingoak jakitera eman duenez hainbat bide itxita izango dira autoentzat, kontzertuek iraun bitartean. Hala ere, azaldu dutenez bizilagunek ez dituzte murrizketa horiek jasango. Balantxako aldapa trafikoari itxita egongo da gaur 20:00etatik aurrera, baina bizilagunek sartzeko baimena izango dute. Portu eta poligonoetatik Karabelera dijoazen bideak ere itxita egongo dira eta bizilagunak bakarrik sartu ahal izango dira autoan auzora.