Riomundo izena jarri diozu liburuari. Zergatik? Zer sinbolizatzen du zuretzako bazter horrek?
RIOMUNDO nire aitonaren herri ondoko leku bat da, ur jauzi haundi bat. Izena deigarria iruditu zitzaidan eta bidaia baten historia sinbolizatzen du.
Zure liburuaren lehen zatian familia baten Extremadurako bizia azaltzen da. Hainbesteko garrantzia du iragan horrek?
Iragan horrek garrantzia haundia du bai. Hemen jendeak ez du pentsatu ere egin kanpotar emigrante espainol hori pertsegitu politiko bat izan daitekeela. Ez da pentsatu zer historia dagoen atzean, zergatik utzi zuen bere herria. Han borrokan ibilitako askok hemen borrokan jarraitu zuten, kontzientzia handik ekarri zuten.
Inmigrazioaren gaian bete-betean sartu zara. Euskal Herrian bi mundu daudela aipatu izan duzu...
Nik uste dut baietz, banaketa haundia dagoela. Etorri zirenean integratzen jakin ez eta orain inmigrazio harren kudeaketa txarraren ondorioak jasaten ari gara. Jendeak ez daki ezer haien jatorriaz eta haiek ez dakite nor den Benito Lertxundi, esaterako.
Baina tartekorik izango da, hemengo eta hango gurasoak dituztenak...
Bai noski, egon badaude, baina zubi txikiak dira horiek, tartean amildegi bat dago oraindik.
Liburuan zure familiaren historia irudikatu nahi izan duzu, zer da egia eta zer gezurra?
Ia dena egia da. Agian denboran atzerago eginda gauza gehiago asmatuak izan dira, informaziorik izan ez dudalako. Lekuen izenak ere asmatutakoak dira.
Eta zer erantzun izan du? Durangoko arrakasta eta gero...
Gainditu egin nau erantzunak, 3garren edizioan goaz. Niretzat balore extraliterarioa du liburuak. Inmigrazio horren ondorioak oso gutxi aztertu dira orain arte eta gai horrek interes haundia piztu du.