MAIDER Martin tenista hernaniarra Euskadiko txapeldun geratu da joan den igandean, bigarren urtez jarraian, alebin mailan. Tenista gazteak erraz irabazi zuen finala 6-0 eta 6-2 eginda.
Espainiako ranking-ean bigarren
Hernaniarra zortzi urterekin hasi zen tenisean Ondarretako tenis elkartean. Normalean haurrak lehenago hasten dira kirol honetan jokatzen, baina Maider Martinek segituan erakutsi zuen doainak badituela tenista on bat izateko; izan ere, bederatzi urterekin hasi zen konpetitzen. Ondarretako tenis elkartean 300 haur eta gaztetxo dabiltza eta horietatik seik bakarrik konpetitzen dute. Iaz ere Euskadiko txapeldun izan zen Maider Martin eta Espainiako ranking-ean bigarren dijoa bere kategorian. Espainiako txapelketa datorren uztailean jokatuko du, Vigon. Hala ere lehenago izango du praktikatzeko aukera, apirilean Alakanten izango baita Euskadiko Federazioak gonbidatuta Nike txapelketan eta ondoren Lleidako txapelketa sonatu batean parte hartuko baitu 11 urteko neska gazteak.
Eskubiz ematen dio ondoen
Kronikaren galderei erantzunez hernaniarrak azaldu du oso gustora dabilela tenisean jokatzen. Dagoeneko hamaika soka hautsi dizkio raketari eta eskubiz ematen dio ondoen. Entrenamenduetan lehenik beroketa pixka bat eta gero zestak egiten dituzte (pelota eskuz botatzen diote leku jakin batera), horren ondoren partiduak jokatzen dituzte elkarren kontra. Nadal du jokalari gustokoena tenista gazteak, eta azaldu du nahiago duela lurrezko pistan jokatu: ´hobeto iristen naiz pelotak harrapatzera`, dio. Ea soka gehiago hausteko aukera izaten duen aurrerantzean ere.