Azken urte luze hauetan Hernaniko osasun zentroan euskarazko zerbitzuak hobetu daitezenaren aldeko lanketa egiten aritu gara. Euskal Herrian Euskarazek, beste hamaika herritan ere osasun zerbitzu guztiak euskaraz jaso ahal izateko eskaera zabaldu du. Horren lekuko, lelo berarekin larunbatean Durango, Barañain eta Hernanin egingo diren manifestazioak. Kontuak kontu, geuk ere, gehiegitan, euskaraz aritu eta ulertuko ez digutenaren beldur eta lotsaz, erdarara jotzen dugula. Presaka goazelako, denbora galtzea delako, zuzenagoa delako, ´errespetu faltagatik` (nork nori?)... eta ez gara ohartzen, berez, hain sinplea behar lukeena, uste baino gehiago korapilatzen dela. Zer eta hizkuntza arazo bat dagoelako! Elkar ulertzerik ez dugulako!! Osakidetzak entzungor egiten digulako!! Inori bururatzen al zaio Alemanian bertakoren bat medikuarengana joan eta ulertzeko gauza izango ez den langile bat aurkituko duenik? Ba geuri ere ez. Horregatik, herrian orain artean kexa orriak sinatu dituzuenoi eta eskariarekin bat egiten duzuenoi, larunbatean arratsaldeko 19:00etan Plazatik aterako den manifestazirako deia luzatu nahi dizuegu. Guztion artean guztiok merezi dugun kalitatezko zerbitzu bat izan dezagun!! Osasun Administrazioan ere Euskara Ofiziala!!!
Eli Ansa