Karpa erraldoia zutik, dena prest Sagarrondotik jaialdirako

Kronika - Erredakzioa 2006ko martxoaren 16a

Iaz bezalaxe, Landare pareko terrenoetan egingo dira aurten Sagarrondotik jaialdiko kontzertuak. 10.000 lagunek karpa baten babesean gozatu ahal izango dute musikaz. Karpa erraldoia zutik dago jadanik (argazkian), eta haren ondoan beste karpa txikiago bat jarri dute, sagardoa probatu eta lasaiago egon nahi duenarentzat.

ORDU gutxi batzuk falta dira Sagarrondotik’06 hasteko eta atzo Landare pareko karpa erraldoia montatzen etengabe ari ziren lanean. Zortzi talde izango dira Hernanin asteburuan, zein baino zein ezagunagoak, horien artean: Chambao, Celtas Cortos, Loquilllo y Trogloditas, Sorkun eta abar.

18:00etatik aurrera takila irekita

Espero da bihar hasi eta asteburu osoan milaka lagun Hernanira etortzea. Txartelak erosteko takila 18:00etan irekiko dute eta karpa zabalik izango da 20:00etarako. Arduradunek azaldu dutenez, aurreko urtean bezalaxe Landareko bide zatia itxi egingo dute kontzertu orduetan. Horretaz gain autoak poligonoetara bideratuko dituzte eta seinaleak jarriko dituzte herriko sarreretan kontzertu gunera errazago iritsi ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!