Monique Thomas kantari eta musikari philadelphiarrak eta Bere Combo orkestak kontzertua emango dute bihar Sandiusterrin, arratsaldeko 19:30etan. Hezkuntza Batzordeak eta Musika Eskolak hilero antolatzen duen kontzertuen barruan dago biharkoa eta jazz musikaren eragin zuzena duten kantu eta musika eskainiko dituzte.
Gospel abesbatza
Monique Thomas philadelphiarra bada ere, Frantzian bizi da 1998az gero eta berak sortua da Bordeleko CIAMeko Gospel abesbatza. Irakasle eta musikari izateaz gain, ikasle ere bada, kantu liriko ikasketak ari baita egiten Bordeleko kontserbatorioan. Inguruko jazz jaialdirik garrantzitsuenetan parte hartutakoa da eta 2003an can’t we be friends? diskoa grabatu zuen, gaurko kontzertuan Hernanin aurkeztuko duena. Bere Combo orkesta izango du gaur Monique Thomasek aldean, baina, ez da abeslariari laguntzen dion orkesta huts bat, seikote kontsagratua baita dagoeneko. Jacki Bérécochea tronpetan izango da, Alex Golino saxofoian, Didier Datcharry pianoan, Manuel Marchés kontrabaxuan eta Didier Ottaviani baterian.