Film laburren emanaldia Hernanira iritsi da, zenbait herritan barrena ibili eta gero. Topagunea euskera elkarteen federazioa herriz herri ari da euskerazko film labur hauek eskaintzen, eta Hernanira Dobera Euskara Elkartearen eskutik datoz euskal zuzendari eta aktoreek egindako film labur horiek. Txotx, Sarabe, Haragia, Hauspo soinua eta 40 ezetz dira Hernanin ikusi ahal izango diren film laburrak, dagoeneko fama dezentekoa duten filmak bostak ere. Aurtengoa, hirugarren urtea da Doberak film laburren emanaldia Hernanira ekartzen duela eta aurreko bi urteetan arrakasta izan du. Gaur, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Biterin. Sarrera, 2 euro.
Bost film labur
Txotx (15’): Sinopsia: Sagardotegian bildutako lagun taldea bertako familiak usadio eta herentziei buruz duen eztabaidaren lekuko da. Zuz.: Asier Altuna eta Telmo Esnal. Akt.: Pako Sagarzazu, Arantxa Izeta, Kandido Uranga, Josu Garmendia...
Sarabe (15’): Sinopsia: Martin espetxetik atera da eta familiari egindako bidegabekeria bat mendekatzeko herrira itzuliko da. Zuz.: Beatriz de la Vega. Akt.: Martin Zabala, Susana Aiestaran, Josetxo Lucas, Txema Nuñez, Kike Zelaia, Patxi Bisquert eta Kandido Uranga.
Haragia (13’): Sinopsia: Lasa eta Zabala, Txile, Argentina, Irak, Gerra Zibileko fosak... horietan lurperaturik dauden hildakoak dira film honen gai nagusi: ´Hor azpian bizi dira gure maitatu guztiak norbaitek aurkitu arte, eta planeta osoa dago halakoz josia`. Zuz.: Bego Vicario.
Hauspo soinua (16’): Sinopsia: Aitak semea aiton-amonekin utziko du egun batzuetan eta honek mundu ezezagun bat ezagutuko du baserrian. Zuz.: Inaz Fernandez. Akt.: Patxi Ugalde, Iñigo Urkia, Kike Diaz de Rada, Eskarne Aroma eta Unai Azkona.
40 ezetz (15’): Sinopsia: Idi-deman, herri osoak dirutza galduko du idi pare faboritoaren alde apostu eginda. Zuz.: Asier Altuna eta Telmo Esnal. Akt.: Kandido Uranga, Jose Ramon Soroiz, Ane Gabarain, Pako Sagarzazu eta Isidoro Fernandez.