Hernanik lehen puntua ekarri zuen Mallabiatik eta bueltako saioa prestatzen ari dira

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 14a, 02:00

jOAN den ostiralean hasi zuen Hernanik GR-8 bertso txapelketa Mallabian eta lehenengo puntua etxera ekarri zuen, saio polita eginda. Giro ona eta bildua topatu zuten Bizkaiko herri txiki horretan hernaniarrek eta gustora zeuden emandako hasierarekin.

Joan den ostiralean hasi zuen Hernanik GR-8 bertso txapelketa Mallabian eta lehenengo puntua etxera ekarri zuen, saio polita eginda. Giro ona eta bildua topatu zuten Bizkaiko herri txiki horretan hernaniarrek eta gustora zeuden emandako hasierarekin. Bueltako saioa datozen asteetan egingo dute Hernanin, eguna eta lekua oraindik zehazteko badago ere.

Zortzi herri lehian

Aurten hiru herri gehiagorekin ekin zaio GR-8 bertso txapelketari eta Hernani, Oiartzun, Errenteri, Lasarte, Oriorekin batean, Mallabia, Lesaka eta Zarautz ere ariko dira. Iazko txapelduna da Hernani eta aurten txapel horri eustea ez du erronka erraza izango. Hala ere, txapelari eustea baino helburu garrantzitsuagoak baditu Hernanik txapelketa honetan, 24 bertsolariko taldean zahar eta gazte, eliteko eta hasi berri, denak elkarrekin kantatzeko aukera bilatu nahi baita. Ostiralean, Aritz Zerain, Eñaut Agirre eta Estitxu Eizagirre aritu ziren Hernanitik.

Hamalau saio

 Aurten luzea izango da GR txapelketa, martxotik azarora artekoa. Guztira 56 saio izango dira eta Hernanik hauetako 14etan hartuko du parte. Hernanin bertan izango dira erdiak eta beste erdiak aurkarien etxean. Saiorik gehien irabazten dituzten bi herriek jokatuko dute finala, Oiartzunen, azaroan. Ostiralean kantatutakoez gain, beste 21 bertsolari ariko dira Hernaniren izenean: Amaia Otxotorena, Maialen Lujanbio, Ion Iraola, Gorka Toloxa, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Arnaitz Lasarte, Iker Alustiza, Aritz Zerain, Iñaki Zelaia, Agin Rezola, Oier Iurramendi, Unai Gaztelumendi, Joxe Urdangarin, Ibon Miner, Joxanjel Aranburu, Jexux Mari Irazu, Aitor Usandizaga, Iker Osa eta Xabier Legarreta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!