Aldarrikapen Astea antolatu du Elkartzenek ´eskubide sozialen alde`

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 16a, 02:00

Datorren astelehenetik igandera, Aldarrikapen Astea deitu du Elkartzen taldeak Hernanin, eskubide sozialen alde egiteko. Aldarrikapen aste honetarako Hernaniko LAB, Segi, Atejoka, Gazte Asanblada, Bildu Hernani eta Natzaren babesa izango du Hernaniko Elkartzenek ekintzetarako.

ELKARTZEN taldeak Aldarrikapen Astea antolatu du datorren astelehenetik igandera, eskubide sozialen alde... atera kalera lemarekin, eta ekintza ugari egingo dituzte aste osoan zehar. Mobilizazio desberdinak egingo dituzte egunero, eskubide sozial baten alde eta Hernaniko beste zenbait taldek ere bat egin dute aldarrikapen hauekin: LAB, Segi, Atejoka, Gazte Asanblada, Bildu Hernani eta Natza. Elkartzenek asteartean plazan emandako prentsaurrekoan azaldu zuen azken hiru urteetan ekimen desberdinak gauzatu dituztela eskubide sozialen alde: ´pobreziaren muga, etxebizitza, aurrekontuak, bonobusa...` eta orain aldarrikapen guzti hoieri lotura eman nahi izan die Elkartzenek Aldarrikapen aste honekin.

Ereduan eragin

 Elkartzenek mobilizazio esparruan dinamika eskasa ikusten du eta hori agorpenaren seinale dela dio. ´Horrexegatik aste honen bidez, mobilizazio ereduan eragin nahi dugu. Mobilizazioaren izaerari beraz, arreta jarriko diogu eta molde berriak erakusten dituzten ekimenak egitea izango da gure helburuetako bat`, azaldu dute. Eskubide sozialen aldeko taldeak azpimarratu du ´Euskal Herriaren eraldaketa sozialean abertzale eta ezkertiar guztion parte hartzea` ezinbestekoa dela eta aste hau antolatzeko beren babesa azaldu duten herriko taldeak ere nabarmendu ditu.

Aldarrikapen Asteko Programa
Martxoak 20, astelehena
. Mobilizazioa. Hitzaldia 19:00etan, Biterin: LABeko kide batek lan prekarietatearen aurrean zer egin azalduko du.
Martxoak 21, asteartea. Etxebizitza eskubidearen alde mobilizazioa, 19:30etan Karkaban.
Martxoak 22, asteazkena. Mobilizazioa pobreziaren aurka, 18:30etan Urbieta kalean.
Martxoak 23, osteguna. Bonobusaren aldeko mobilizazioa, mural pintaketa eta pegata zabaltzea, 17:00etan, autobus geltokian.
Martxoak 24, ostirala. Eskubide sozialen alde manifestazioa jai giroan, 19:00etan, plazan.
Martxoak 26, igandea. ‘La Toma’ filma Natzan, 18:00etan.

Aldarrikapena -Elkartzen-
´Prekarietateari ez! Gaur egungo gizarte ereduan gizakiak gizakia explotatzen jarraitzen du. Langileok merkatuaren logikaren menpean bizi gara. Sistema neoliberal honek lan baldintza kaxkarra, soldata miserableak eta lan segurtasun eza besterik ez dizkigu eskaintzen.
Etxebizitza eskubideari bai! Gure bizi osoan ezinbesteko gotorlekua dugu etxebizitza. Oinarrizko eskubide hau bermatzen ez duen eredu sozial batean bizi gara, etxebizitza jabetza pribatua, negozio produktu dela onartzen baitu. Honen ondorioz eskubide honen kontura negozio itzela egiten ari dira batzuk zein besteak.
Pobreziari ez! Langabezia eta porrot soziala sortzen duen eredu sozial batean bizi gara. Batzuk gehiegikeriatan bitzitzeko, besteok miseria gorrian bizi behar dugu. Babes soziala eta oinarrizko eskubideak bermatzen ez dituen gizartean bizi gara.
Bonobusari bai! 2005eko urtarrilean 1.700 sinaduratik gora bildu ziren Hernanin bonobusaren alde. Udalaren erantzuna: ´bonobus sistema jartzeko behar diren pauso guztiak emango ditugu`. 2006ko otsailean, urtebete ondoren, zer dugu? Gizarte eredu honek merkatua eta negozioa jartzen ditu eskubideen aurretik.
Eraldaketa sozialaren alde! Gizarte eredu honek ez dizkio behar diren erantzunak ematen ditugun arazoei. Beste Hernani eta beste Euskal Herri bat posible da eta guk geuk, euskaldunok, eraiki behar dugu. Justizia Sozialean oinarritzen den Euskal Herri berri bat eraiki behar dugu`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!