Atzean sendo egon ezkero nahikoa

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 12a, 02:00

Hernani           1
Ordizia             0

Futbolean defentsako lana zein garrantzitsua den ikusi zen atzo Zubipen. Emaitzak dioen moduan, aukera gutxiko norgehiagoka jokatu zuten eta sortutako apurrak falta eta kontraerasotan azaldu ziren. Zelaiak ere ez zuen gehiegi lagundu, baina irudimen faltatik gehiago zuen atzokoak zelaiaren egoera txarretik baino. Teknikoki bere mugak dituen taldea da Hernani, baina Ordiziak ez zuen gehiago erakutsi. Atzo behintzat. Hirugarren mailara igo nahian dabiltza goiherritarrak, baina hernaniarrek kasta eta buru gehiago erakutsi zuten. Jokaldi indibidualetan soilik sartu zieten beldurra etxekoei. Gainontzekoan, zuri berdeek ez zuten lekurik galdu zelaian eta goitik zetozen baloi guztiak ere irabazi zituzten. Horrek, zelaiaren egoera ikusita, partidu erdia balio zuen. Arriskua hegaletan zegoen beraz, baina Mikel Aginagalde eta Axier Mingo ederki aritu ziren, azken honek aurkari bati muturreko bat eman eta txartel gorri zuzena ikusi zuen arte behinik behin. Mikelek berriz aurrelariei ongi eusteaz gain, pare bat jokaldi oso dotore ere egin zituen bere eskuin hegal horretatik.

Gol ederra
Defentsako lan horrek ez zituen hiru puntu balioko Gorka Zabalak sartutako golari esker izan ez balitz. Gol ikusgarria sartu zuen kapitain hernaniarrak areatik hamar bat metrotara zegoen falta bat astindu ondoren. Indarra eta gurpil pixka bat eman zion baloiari eta Hernaniri hiru puntu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!