SAGARRONDOTIK jaialdia hasteko astebete besterik falta ez denean, martxoaren 17 eta 18an Hernanin izango diren kontzertuen aurkezpena izan zen atzo Donostiako Kursaalen. Antolatzaileekin batera prentsaurrera azaldu ziren THCko Eva, Loquillo, Jesus Cifuentes eta Alberto Garcia eta Sorkun.
‘Pal Keli’ eta ‘Hamlet’
Antolatzaileek lehenik eta behin karteleran izandako hainbat bajaren inguruan hitz egin zuten. Azaldu zuten Living Colour eta O’Funk’illo Hernanira ez etortzea ez zegoela beren esku, eta segidan talde horien ordez ekarriko dituzten beste bi talderen berri eman zuten: Pal Keli eta Hamlet talde madrildarra.
´Satisfakzio haundia`
Jaialdiaren zenbait xehetasun azaldu eta gero, antolatzaileek musikariei eman zieten hitza. Celtas Cortos taldeko Jesus Cifuentesek esan zuen ´satisfakzio haundia` dela Euskal Herrira berriro etortzea eta lotura asko mantentzen dituela: ´lur honetan oso sartuta gaude`, aipatu zuen. Loquillok azaldu zuen beren bira inauguratzeko jaialdi ezin hobea dela Sagarrondotik eta Sorkunek berriz kartelera ikusitakoan harritu egin zela, ´oso ezberdina` zelako, baina gero gustatu egin zitzaiola: ´anitza da, herri hau bezalaxe`. Bestetik, THCko Evak garbi utzi zuen erritmo haundiz etorriko direla Hernanira: ´guri musika konpartitzea gustatzen zaigu` adierazi zuen.
Dena antolatuta
Antolatzaileek Kronikari azaldu diote dena antolatuta dutela: aparkalekuak poligonoetara bideratuko dituzte eta Landareko zatia itxi egingo dute kontzertuak izaten diren orduetan.
Asteburu honetan jaialdiaren berri zabalago emango du Kronikak