Mendiriz mendi Mendiriz Mendik proposatutako ibilbidea Behe Nafarroa eta Zuberoa arteko mugan dago. Eskualde hau ingurune karstikoaren adibide garbia da. Biduze ibaiak egiten du Zuberoa eta Behe Nafarroaren arteko muga. Ibaiaren iturburutik abiatuta Bohokortia gailurrerantz joatea da plana. Bertan bisitatuko dute Ahuzki iturria bertan zizelkatuta dago lehoi bat, Zuberoaren sinboloa. Kareharrizko goi lautada honetatik ikuspegi ederra du Iratiko gailuerretara. Mendiriz Mendik martxoaren 19an egingo du irteera.
Nola iritsi Hernanitik
Bidezu ibaiaren iturburura iristeko Hernanitik Baionara joan beharra dago. Baionatik Donibane-Garazira eta bertatik Maulera dijoan D918 errepidea hartu behar da. Lazerbon eskubira jo behar da, D 933 bidea hartuta. Ostibarreko Donaixti herrixka igaro bezain pronto eskubitara jo behar da (seinalizatuta dago). Biduze bailarara jeitsi ondoren eta 5 kilometro egin eta Arla auzoko kotxe aparkamentura iritsiko gara. Arbailletako basora doan haranaren ertzean dago Arla; baserri batzuk osatzen dute Donaixtiko auzo hori. Haran horretan nekazaritza eta abeltzaintza egiten da, eta Biduze ibaiaren iturburu ikusgarriagatik egin da ospetsu. Hemendik hasten da ibilbidea.
Ibilbidearen deskripzioa
Ibilbidea Behe Nafarroa eta Zuberoaren arteko mugan dago eta Biduze ibaiaren iturburuan hasten da. Iturburuko (Source de la Bidouz) seinalea jarraitu behar da, lurrezko pista baten barrena hasiko da ibilbidea. Zuhaizpean eta beti erreka gure ezkerretara utzita hiru ordu laurdenetan Ur-beltza izeneko ur-bilketara iristen da. Zubi batera iritsi arte jarraitu behar da oinez eta ibaia zeharkatzerakoan Zuberoara pasatzen gara. Hemendik aurrera ibilbidea malkartsuagoa da. Basoan gora jarraitu behar da bihurgune asko dituen bidezidorrean barrena. Bidegurutze batera iristerakoan eskubitara jo behar da. Bidea jarraituz Biduzeko hormetara iristen da eta bertan aurkitzen da Lapiotzeko iturburua, Biduze errekaren jatorria. Erreka hau lur azpitik jaiotzen da bi iturritatik, lur azpiko aintzirak dituzten bi leizetatik. Hormetan burdinez josita dauden eskalak erabilita, bada bide bat Elsarreko zelaira zuzen-zuzen doana. Oso leku hezea da, eta arriskutsua izan daiteke. Hobe da ezkerretan dagoen bidexkatik Biduzeko hormen gainaldera igotzea. Hemendik berehala iritsiko gara Elsarreko zelaira. Belarrez estalitako zelai bitxia da Elsarre, Arbailletako basoez inguratuta. Zelai hori zeharkatuko dugu ezkerraldera, hego mendebaldera, pista bat topatu arte. Handik gutxira pista utzi eta Bohokortiaren oinarrira gerturatzen den bailara hartu behar da ezkerrera. Basoan zehar gora egin, bihurgunez bihurgune harkaitz eta zuhaitzen artean. Bidea jarraituz Laxeregilelako zelaian dagoen artzain txabolara iristen da. Bertatik Bohokortiara malda gogorra hasten da hego-ekialderantz. Azken esfortzua egin eta gailurra (1.271 m) zapaltzen da. Arnasa hartu eta paisajeaz gozatu ondoren Bohokortia gailurretik maldan behera hego aldera jotzen da, bide jakinik gabe, ur sendagarria duen Ahuzki iturrira iritsi arte. Iturrian, harrian zizelkatuta, lehoi baten irudia dago, Zuberoaren sinboloa eta esaldi bat ere bai, kantu herrikoi ezagun batetik jasoa. Pixka bat gehiago jeitsiz ibilibidearen amaierara, errepidera, iritsiko gara. Ahuzki kareharrizko goi-lautada bat da, Aralarren antzekoa; belardi zabalak estaltzen du eta inguruetako herrietako animaliak ibiltzen dira larrean. Hegoaldera ikuspegi ederra dago Iratiko gailurretara.