«Jazz musika estiloko kontzertuak emateko leku gutxi dago hemen inguruan»

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 12a, 02:00

ZER nolako esperientzia izan zen Bergarako orkesta sinfonikoarekin kantatu zenuenekoa?
Bergarako orkesta sinfonikoko zuzendariak errepertorio bat osatu zuen eta Egiptoko Printzea marrazki bizidunetako soinu bandako abesti bat kantatzera gonbidatu ninduen. Kontzertua Bergaran izan zen eta koro eta guzti, 120 musikariz lagunduta abestu nuen. Esperientzia izugarria izan zen. Erantzukizun haundia zen niretzako baina ondo atera zen. Kontzertu bukaeran errepikatu egin genuen pieza hori gainera.

Hernanin entzuteko aukerarik izango al dugu?
Bergarako Orkesta Sinfonikoa, herrikoia da eta ez dira horretaz bizi. Hala ere sekulako maila du, izugarria da zenbat jende dagoen Bergaran orkestran eta bandan sartuta sosik atera gabe. Kontzertu hura prestatzeko sekulako lanak hartu zituzten eta gero kontzertu bakarra eskaini zuten. Harrigarria da duten dedikazioa.

Iñaki Salvadorrekin ere bazabiltza abesten. Zein proiektu da hori?
2004ko San Joan bezperan eman genuen lehenengo kontzertua Lesakan. Kontua da kontzertu horretarako beste musikari batzuekin joan behar zuela baina ezin izan zuten eta egoskortu egin zen berarekin abestu behar nuela. Zenbait abeslariren kantak moldatu zituen, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Fito Paez, Pablo Milanes, Silvio Rodrigez, Juan Manuel Serrat eta beste hainbatenak. Jazz ikutua eman zien abestiei eta ni jazza denean, etxean bezala sentitzen naiz. Oso urduri nengoan aurreneko kontzertu hartan, baina ondo atera zen.

Kontzertu asko eman dituzu Iñaki Salvadorrekin?
Datorren kontzertua, Donostiako Altxerri tabernan izango da, martxoaren 23an. Gaueko 22.30etan hasita. Orokorrean nahiko kontzertu gutxi izaten ditugu. Ez zaigu guri bakarrik gertatzen, orokorrean jazz musika estiloan aritzen diren musikariei gertatzen zaie, ez baitago hemen inguruan jazz kontzertuak egiteko leku askorik. Adibidez, Donostian bi taberna daude bakarrik horrelako kontzertuak antolatzeko prest daudenak. Kontzertuak lortzeko leku batera eta bestera joan beharra dago diskoarekin eta lata eman behar da. Orain arte eman ditugun kontzertuak: Lesakan 2 aldiz, Zarautzeko jazzeko mintegian, Gasteizen, Donostiako bi taberna horietan eta Donostiako zinemaldian. Hernanin oraindik ez dugu aukerarik izan.

Diskoren bat grabatu al duzu?
Gaztelupeko Ahotsak disketxea kantautoreen istorio honekin interesatuta dago. Asmoa da abesti horiek gehiago lantzea eta diskoan grabatzea. Mc Jeara’s Band taldearekin ere atera genuen disko bat.

Iñaki Chaconek ere gonbidatu zaitu berarekin abestera...
Bai bera Musikeneko nere irakaslea da eta bere disko berria aurkezteko kontzertuetan orain arte aritutako abeslaria ordezkatzeko eskatu zidan. Oso pozik nago, musikari profesionalak dira eta sekulako maila dutenak. Adibidez baxu jolea, Victor Merlo, Serratekin aritu da. Bi kontzertu emango ditugu oraingoz, martxoaren 16an Miranda de Dueron eta martxoaren 17an Miranda de Ebron.

Biolinarekin hasi zinen eta hura utzi eta kantuari ekin zenion. Nolatan?
Biolina ikasi nuen erdi mailako titulua lortu arte. Baina biolinarekin ez nuen gozatzen, musika klasikoa nola irakasten den ez zait gustatzen, metodologia eta musikaren definizioa bera. Elizak erlijioarekin egin duena egin dute kontserbatorioek musika klasikoarekin.

Jazza da zure eremua orain ezta?
Bai, jazza sekulako aurkikuntza izan zen neretzat. Inprobisazioari leku asko uzten dio jazzak eta sekulako arnasa eman zidan horrek. Hala ere inprobisazioaren barruan direktriz edo helduleku ba- tzuk egon behar dutela uste dut, eta horrekin erosoago eta askeago sentitzen zara inprobisatzerako garaian. Dena libre izango balitz, ez nuke jakingo nondik hasi. Kontua da paperean jartzen duena hor dagoela, baina gero norberak nahi duena egin dezake horrekin. Hori da gehien gustatzen zaidana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!