Ezker abertzaleak deitutako grebak batez ere komertzioan izan zuen eragina

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 10a, 02:00

Mobilizazioak izan ziren egun guztian zehar eta Ertzaintzak pertsona bat atxilotu zuen.

Ezker abertzaleak greba deialdia egin zuen atzorako ´dispertsioaren aurka eta gatazkaren konponbide politikoa aldarrikatzeko`, Igor Angulo eta Roberto Sainz presoak Espainiako Estatuko kartzeletan hil ondoren. Grebak batez ere komertzioan izan zuen eragina, zentroan ia denda guztiak itxi baitzituzten.

LAB grebaren balorazio baikorra egin du LAB sindikatuak emandako datuen arabera grebak erabateko eragina izan zuen komertzioan. Hezkuntzan mailan ikastetxe gehienek ireki zituzten ateak, nahiz eta ikastetxe bat itxi eta beste bateko ikasleek greba egin. Enpresa mailan gehiengoak lan egin zuen atzokoak, nahiz eta enpresa haundi pare batetan eta hainbat tailerretan greba egin. Udaletxeak ere greba egin zuela azaldu du LABek. Langileak dispertsioaren kontrako borrokan gero eta gehiago inplikatzen ari direla ere aipatu du sindikatuak eta bide horretan jarraituko dutela azaldu zuen.

Mobilizazioak eta atxiloketa

Atzo mobilizazioak izan ziren egun guztian zehar herrian eta istilu bat edo beste izan zen. ezker abertzaleko kideek emandako datuen arabera, goizaldean piketeak antolatzen ari zirela, Ertzaintzak gazte koadrila bat identifikatu zuen. Batek identifikatzeari uko egin zionean atxilotu egin zuten, goizeko 06:30ak aldera. Herrizaingo Sailaren arabera gazteak 50 kohete pirotekniko zeramazkien. Ezker abertzaleak ukatu egin du hori horrela izan zenik eta azaldu du soinua egiteko petardoak zirela atzemandakoa. Atxilotua arratsaldean utzi zuten aske. Goizeko 10:00etan asanblada informatiboa izan zen plazan eta segidan karabana bat egin zuten herrian barrena. Ertziantzak karabanako kotxe batzuk geldiarazi zuen momentu batean, ezker abertzaleko kideek esandakoaren arabera. Eguerdiko 12:00etan eskualdeko manifestazioan 1.200 pertsona izan ziren, LABek emandako datuen arabera. Zinkoenea inguruan Ertzaintzak manifestazioa geldiarazi zuen eta ezker abertzaleko kideek aipatutakoaren arabera, esan zieten mobilizazioetan ezin zela instituzioen kontra eta hildako bi presoen aldeko oihurik egin. Manifestazioak aurrera egin zuen gero, Ertzaintzaren furgoneta bat aurretik eta beste bat atzetik zituela. Arratsaldeko 17:00etan ordubeteko kontzentrazioa izan zen Zinkoenean, Ertzaintzak kargatu egin zuen kontzentrazio bukaeran. Jarraian hainbat istilu izan ziren. Iluntzean manifestazio jendetsua izan zen berriz ere. Ertzainak Atsegindegin jarri ziren, baina ez zen istilurik izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!