Emakumeen Mundu Martxak antolatu duten manifestaziorako dei egin dute zenbait erakunde taldek. Gaur 19:30etan Donostiako Boulevardetik irtengo da manifestazioa.
EMAKUMEAREN Eguna da gaur, eta Hernanin bertan ekitaldi asko izango ez badira ere, Donostiako Boulevardetik irtengo den manifestazioan parte hartzeko dei egin dute Berdintasun Kontseiluak, Udalak, Gazte Txokoak, Herne Neska taldeak eta Bildu Hernani plataformak besteak beste. Manifestazioa arratsaldeko 19:30etan izango da eta Emakumeen Mundu Martxak antolatu du. Horrez gain, emakumeei buruzko mural bat pintatzeko zita egin dute Gazte Txokoan, arratsaldeko 17:30etan.
Egunotan ekitaldi ugari
Gaur manifestazioa Donostian da baina bihartik aurrera Hernanin ere ekitaldi ugari izango dira Emakumearen Egunaren inguruan. Bihar, esaterako, Extranjeras pelikula emango dute Biterin, iluntzeko 22:00etan; ostiralean, argazki rallya egingo du Gazte Txokoak eta Askatu ta Irribar kontzertu parte hartzailea antolatu du Berdintasun Kontseiluak; larunbatean neskentzako saskibaloi txapelketa eta mural pintaketa dira eta igandean argazki rallyko argazkiak jarriko dituzte erakusketan.
BH: ´lan haundia dago
berdintasuna lortzeko`
Bildu Hernanik Kronikara bidalitako prentsa oharrean dio lan haundia dagoela egiteko, gizon eta emakumeen arteko berdintasunera bidean. Lan munduan bazterketa, prekarietatea, soldatetan aldea, bortxakeria eta abar gaitzetsi ditu plataformak eta baita ´milaka emakumek beren eskubide zibil eta politikoak zapalduak dituztela ere, eta ehundaka emakume daudela gure udal eta instituzioetatik kanpo alderdi politiko eta udal plataformen ilegalizazioarekin`.
ELA: ´Pertsonen zaintza gizartearen arazoa da`
ELA sindikatuak prentsa oharra bidali du Kronikara martxoaren 8aren bueltan eta beren hitzetan pertsonen zaintza, emakumeen kontura egiten da gaur eguneko gizartean. Haur, nagusi nahiz helduak zaintzea emakumeek egiten dute eta normalean onarpen gabe eta kondizio oso kaxkarretan ELAren iritziz. Honen aurrean zera eskatzen du besteak beste: gizonezkoak ere inplikatzea; zaintzarena familia arazo baino gizarte arazoa dela berrestea; zaintzarako zerbitzu publikoak areagotzea; eta langileen egonkortasuna eta lan baldintzak bermatzea. Horrez gain, pertsonen zaintza hobetu eta milaka eta milaka emakumeren bizitza hobetuko dela dio ELAk.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!