Ezker Abertzaleak Greba eta mobilizazio eguna deitu du biharko

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 8a, 02:00

Konponbide demokratikoaren alde, dispertsio politikoaren kontra da lema. 10:00etan batzarra dago; 12:00etan eskualdeko manifestazioa eta 20:00etan, herri mailakoa.

Ezker Abertzaleak greba eta mobilizazio eguna deitu du bihar, osteguna, Euskal Herri osorako, Konponbide demokratikoaren alde, dispertsio politikaren kontra lemarekin. Hernanin ere izango dira mobilizazioak biharko egunarekin: goizeko 10:00etan batzarra dago deitua Gudarien plazan; eguerdiko 12:00etan, eskualdeko manifestazioa izango da Hernanin, plazatik irtenda. Arratsaldeko 20:00etan, berriz, herri mailako manifestazioa izango da. Hernanin ere grebarako deia egin du Ezker Abertzaleak. Azken gertakariak salatu Kronikara bidalitako prentsa oharrean Euskal Herrian ´gertakari larriak` gertatu direla dio Ezker Abertzaleak. Dispertsio politikak Igor Angulo eta Roberto Sainz presoen heriotza eragin duela salatu du eta Espainiako Gobernua errepresio estrategia horren erantzule dela. Biharko mobilizazio eguna ´erantzun sendo eta tinkoa emateko baliagarria izateaz gain, garatu nahi dugun prozesu demokratikorako inbertsio politiko haundia` izango dela gainera du.

Grebarako hiru arrazoi nagusi

  •  ´Euskal Gizarteak bideratu nahi duen gatazkaren konponbide demokratikoaren aurkako indarrak oldartzen ari direlako`. 
  •  ´Euskal gizartearen iritziaren aurka, euskal preso politikoen kolektiboaren kontrako dispertsio politika hiltzaileari eusten diotelako, Igor Angulo eta Roberto Sainzen heriotzek erakutsi duten moduan`.
  • ´Euskal Presoen kondenak luzatzeko asmoz zigorrak berrikusten ari direlako, Unai Paroten kasuak erakutsi duen moduan`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!