‘Bai eskolak euskalduntzeari’ sinadura bilketa martxan da

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 7a, 02:00

Euskal Herriko ikasleak euskaldunduko dituen hizkuntza politika bat eskatzen dute. Sinadurak instituzioetan aurkeztuko dira.

BAI Eskolak Euskalduntzeari sinadura bilketa kanpaina martxan da urtarriletik. Lehengo astean bilera egin zen Hernanin kanpainaren nondik norakoak azaltzeko eta konpromisoak eskatzeko. Ekimenak azaldu zuenez, funtsean, eskatu nahi da hizkuntza politika berri bat Euskal Herriko ikasleak euskalduntzea bermatuko duena. Hori eskatuz orriak banatu eta firmak biltzen aritu dira Euskal Herri mailan. Hernanin firma emateko hurrengo aukera izango da martxoaren 17tik 19ra izango den Sagarrondotik jaialdian. Kontzertu hasieran, firma biltzen ariko dira atarian. Bildutako firma guztiak Euskal Herriko Instituzioetara eramango dira.

Eragile ezberdinak
Kanpaina hau babesten batetik Euskal Herri mailako eragileak ari dira: Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Oinarriak, Topagunea, AEK, UEU, Euskal Irratiak, Ikas, Hik Hasi, Sortzen-Ikasbatuaz, LAB, IA, Euskal Herrian Euskaraz eta Euskal Herriak Bere Eskola. Bestetik Herri bakoitzean euskalgintzaren inguruan erakunde eta eragileak ari dira kanpaina honetan parte hartzen. Hernanin oraingoz honakoak dira inplikatu direnak: Dobera, Udal Euskaltegia, Molotoff Irratia, Hernani Kirol Elkartea, Marieluts Haur Eskola, Langile, Urumea eta Elizatxo Ikastolak, Inmaculada Ikastetxea, Hernani Institutua, Iraulio Panttalone Bertso Eskola, Gazte Asanblada, Segi eta Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradia. Ekimenak azaldu duenez, taldeez gain herritar askok ere sinadura orriak betetzeko ardura hartu dute.

Politiken porrota
Ekimenak dioenez gaur egun dauden politiken eraginez, hiru ikasletik bi ez dira euskalduntzen. ´Hainbat eremutan gainera euskaraz ikasteko eskubidea bera ukatzen zaie ikasleei` gehitu du. Egoera hau gainditzeko indarrak biltzeko beharra ikusten du ekimenak. Horrez gain, aldaketarako aukerak ere ikusten direla dio: ´Nafarroan ematen ari den euskarazko irakaskuntzaren aldeko mugimendua, Iparraldean hizkuntza politika berria aldarrikatzeko sortu den plataforma eta azkenik Erkidegoko Hezkuntza Sailak ereduen porrota publikoki aitortu ondoren 2007an gai honen inguruko politikaren lanketari ekingo diola dirudi` aipatzen du. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!