HEGATZ submarinismo taldeak egun haundia izan zuen atzo. Urtero biltzen dira elkarteko batzarra egiteko, baina aurtengo batzarra berezia izan da, 25 urte bete baitituzte itsas hondoa miatzen.
Bilera eta ‘lunch’-a
Atzo eguerdian bildu ziren eta bileraren ostean lunch bat izan zuten bazkide eta bazkide ohiek, Jauregiko eskola zaharrean. Bertan du Hegatz Elkarteak egoitza. Mokadu baten ondorenean bertaratu ziren guztiak egoitza atarian jarri ziren, argazkitarako.
25 urte sortu zela
Kronikak Victor Ocio-rekin hitz egin zuen, elkartearen lehendakaria. Berak azaldu zuenez duela 25 urte hainbat lagun elkartu ziren buzeoan ibiltzeko, gero gehiago inguratu ziren talde horretara eta azkenean elkartea sortzea erabaki zuten, izena jarri eta estatutuak onartuz. Hasiera batean elkartea arraun elkartearen barruan zegoen, kide gutxi zirelako, baina gero banandu egin zen. Gaur egun 27 bazkide dira, baina 40 lagun biltzen ditu elkarteak osotara.
Astero irteera bat
Astero irteera bat antolatzen dute: ´Astero txandakatu egiten gara, bi pertsona arduratzen dira irteera antolatu, jatekoak eraman eta buzeatzen gauden bitartean kanpoko materiala eta ontziak zaintzeaz` dio Ociok. Buzeo denboraldia apirila aldean asten dute eta urrira arte irauten du ´hau ez da karibe!` dio kide batek. Normalean Gipuzkoako kostan ibiltzen dira Hondarribiatik Zumaiaraino.