CHILLIDA- Lekun atzo ospatu zen Sagardo Egunean aurkeztu zuen Udalak jendaurrean Villa Ave Marian egitekoa den Sagardo Gunea. Kronikak joan den asteazkenean aurreratu zuen bezala, Villa Ave Marian Sagardo Naturalaren Enpresarien Elkarteak eta Kalitatearen Kontseilu Arautzailaren egoitzak egongo lirateke. Baina Sagardo Guneak eraikin berri bat izango du, traza edo itxura modernokoa eta bertan museoa, jatetxea, aktuazio sala bat, denda eta liburutegia egongo lirateke, guztiak patio zabal baten bueltan, sagarrondo batzuk erdian direla
Lurrean sartutako museoa
Jose Antonio Loinaz, Sabai enpresako arkitektoak azaldu zuenez museoak bi pisu izango ditu, baina eraikin altu batek parkean izango lukeen eragina gutxitzeko lurrean hondoratuta joango da museoa.
Sagardo probaketarako gela Sarrera Antziola aldetik izango luke museoak, aparkamendu batekin, eta atarian aterpearekin. Museoak jatetxea izango du sarrera ondoan eta baita sagardo probaketarako gela bat ere; honen azpian aktuazio edo konferentzi gela bat izango du. Horretaz gain, denda gunea eta 200m2-ko liburutegia izango ditu eraikin berriak (liburutegira sartzeko ez da museora sartu beharrik izango).
Bost aretoko museoa
Museoaren erdigunean bost erakusketa areto izango dira 500m2 inguruan. Artelatz enpresako ordezkariak areto horien edukiak azaldu zituen. Lehenego hiru aretoetan etnografia, sagardoaren historia eta sagarrondoari buruzkoak azalduko dira, laugarren aretoan, zabalena, sagardogintzari buruzko erakusketa izango da. Bosgarren aretoa bideo proiekzioaterako erabiltzea pentsatu dute. Museo inguruan sagarrondoak aldatzea da asmoa, helburu pedagogikoetarako. (Kronikak aurrerago emango du proiektu zehatzaren berri).