Ahoan ere estetikak geroz eta garrantzia haundiagoa du

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 6a, 02:00

Hortz tratamenduetan asko aurreratu den arren, dentistek azpimarratzen dute prebentzioa dela soluziorik onena, norbere hortzei kontu egitea. Hori sinple eta merke egin liteke: gozoa kontrolatu, ondo garbitu eta urteko azterketa.

ODONTOLOGIA ere gizarte ohiturekin batera dijoa eta ahoko patologien tratamenduetan estetikak geroz eta garrantzi haundiagoa hartu du. Gaur egunean, hor dago, hain zuzen ere, dentisten lanaren erronka nagusietako bat: hortzetako tratamendua eginda, ahoa natural gelditzea, begira ez antzematea. Jakina, estetikak funtzionaltasuna ere kontuan izan behar du, eta biak elkarri lotuta joan beharrekoak dira. Odontologoak, ordea, ez du hortzekin bakarrik lan egiten. Ahoa bere osotasunean hartzen du, eta zerbitzuak patologia mota asko tratatzen ditu: hortzetako arazoez gain, ahoko hezur eta entziei dagozkienak, goiko eta beheko hortzen arteko disfuntzioei dagozkienak, aho barruko haragien patologiak, kisteak, alterazio eskeletikoak, tumoreak (detektatu) eta abar. Osotasunaren kontzeptu horrek aho barruko osasunean ere eragin zuzena du: aho zati batean gertatzen denak aho guztian du eragina. Hortz bat atera eta berririk sartu ezean, hortz guztiak mugitu egiten dira, beste hortzei lan gehiago egin arazten zaie, hezurra gastatu egiten da... eta horrek denak patologiak eta disfuntzioak ekar litzake. Odontogoloaren diagnosiak bi oinarri nagusi ditu: azterketa klinikoa (ahoa begiratu, ikutu, aztertu) eta erradiologikoa, zona konkretu baten errediografia edo aho osokoa, panoramikoa deitzen dena. Azterketa egin aurretik, ordea, dentistak pazientearen osasun orokorrari buruzko informazioa ere jasotzen du.

Geroz eta konplexuagoa eta multidisziplinarragoa

Odontologiak geroz eta konplexutasun haundiagoko patologiei egin behar die aurre. Alde horretatik, geroz eta gehiago eskatzen du ekipo lana eta lan multidisziplinarra. «Hortzak oso sinple eta merke zaindu litezke» Hernaniko dentista beteranoetako baten hitzak dira. Gaur egunean hortzak geroz eta gehiago zaintzen ditugu, baina tamainan. Gozo gutxi jan eta ondo garbitu, hori da hortzak sano mantentzeko sekretua. Ez dira kontu berriak, baina, batez ere garbitasunarenak badu bere koxka: zenbat baino gehiago nola da garrantzitsua. Zepiluarekin ez ezik sedazko hariarekin edo interdentariekin garbitu behar dira jan ondorenero. Jan eta segituan ez, 20 minutura. Endredo haundia dirudi, baina, 2-3 minutuko kontua da. Hortzak zuritzeko tratamenduak norberak etxean egin litzake. Horretaz gain, urtean behin azterketa egin, hortzak sano mantentzeko bidea jarrita dago.

Jendea geroz eta lasaiago

Dentisten artean somatzen dute badela oraindik halako errespetua dien jendea. Hori ere aldatzen ari da, ordea, eta pazientea lasai egoten omen da. «Gure zerbitzuaren zati bat bada bezeroari lasaitasun eta konfiantza hori sentiaraztea ere» esan digu Hernaniko dentista batek «jendeak ordaindu egiten du eta tratamendu ona egitea ez ezik, badagokigu zerbitzu hori ematea. Uste dut orokorrean lortzen dela». Badira dentistarenganako bisita lasaiegi hartzen dutenak ere. «Guri jendea lo ere gelditu izan zaigu, eta lan delikatuak egiten ari garela eh!». Anektodak aparte, dentisten esanetan, odontologiak azken urteetan asko aurreratu du tratamenduetan eta jendea eskerronekoa da beren lanarekin.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!