Lanak entregatzeko epea apirilaren 7an bukatuko da. Kartel irabazlearen izena maiatzaren 13 baino lehen jakingo da.
SAN Joan jaiak hasteko gero eta gutxiago falta da, lau hilabete eskas, zehatz esateko. Hori dela eta, Udaleko Kultura Batzordeak urtero egiten duen kartel lehiaketa martxan da dagoeneko. Lehiaketa honetan nahi duen guztiak hartu dezake parte eta irabazle bakarra izango da, 400 euro jasoko ditu irabazleak eta lana jaietako egitaraua iragartzeko kartel eta eskuhorrietan azalduko da.
Oinarriak
Kultura arloak lehiaketaren oinarrien berri eman du eta horietan azaltzen denez aurkeztuko diren lanek 32X48 zm-ko tamaina izan behar dute eta paperezko euskarrian aurkeztu beharko dira derrigorrez. Horretaz gain digitalean aurkeztu nahi izanez gero neurri berdinak erabiliko dira eta 300ppp-ko erresoluzioa izan beharko du lanak CMYK erako koloretan.
Kartelak honako lema izan behar du idatzita: San Joan Jaiak. Hernani 2006.
Sinadurarik gabe eta datu pertsonalak kartazal itxian
Lanak entregatzeko azken eguna apirilaren 7a izango da eta biterira jo behar da horretarako, arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak bitartean jasoko dira kartelak. Lanak ez du inolako sinadura edo izenik eramango eta horrekin batera kartazal itxi bat entregatuko da egilearen datu pertsonalekin (izena, helbidea eta telefonoa).
Kartel irabazlearen aukeraketa Kultura batzordeak egingo du, baina Jai batzordearen diktamena izango du horretarako. Irabazlearen izena jakiteko azken eguna maiatzaren 13a izango da eta saritutako obra Udalaren esku geratuko da.
Lana berreskuratu nahi duenak ekainaren 1a baina lehenago pasa beharko du entregatu den leku berdinetik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!