GAUR aurkeztuko du Hernaniko Udalak Ciento y...postalicas a Federico Garcia Lorca erakusketa Biterin, goizeko 11:30etan. Ikusgai izango da kultur etxeko erakusketa aretoan gaurtik hasi eta apirilaren 5era arte, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Erakusketa ezaguna da Hernanira ekarri duten hau eta Estatuko hainbat hiritan jarri dute dagoeneko eta milaka lagun izan dira hura bisitatzen orain arte.
Forum Filatélicok antolatu eta babestua
Erakusketa Agustin Julianek sortua da, Forum Filatélicoren laguntzarekin. Bertan 250 artista baino gehiagok parte hartu dute eta horien artean hainbat euskaldun aurki daitezke: Eduardo Chillida eta Pedro Chillida esaterako, eta baita Eduardo Urculo abanguardiako artista ere, duela gutxi hila. Horretaz gain, Alicia Otaegi, Angel Arbe eta Fermin Elvira artista nafarren lanak aurkitu ditzakegu erakusketa honetan, edo Algecirasko Alexis Edward-en argazkiak. Isabel Muñoz, Luis Feito, Tapies, J. Brossa, Jose Fernandez eta Canigar dira erakusketa honetan parte hartu duten beste izen haundi batzuk. Guztiek beren lanak dohainik eman dituzte. Erakusketaren oinarria Lorca olerkariaren argazki bat da, artista bakoitzak argazki hori erabilita ariketa grafiko bat egin du.
Gipuzkoan lehen aldiz
Erakusketa garrantzitsua da Garcia Lorcari buruzko hau. Olerkari granadarraren mendeurrena ospatzeko sortu zuten 1998an eta geroztik behin bakarrik izan da Euskal Herrian, Gipuzkoan aldiz lehen aldia da ikusi ahal izango dena. Postalek eskaintzen duten espazioa aprobetxatu dute literatura eta artea sortzeko, modu original batean. Garcia Lorca bere garaiko olerkari ezagunenetakoa izan zen, 1898an jaio eta 1936ean hil zuten Gerra Zibilean, fusilatuta. Canción del Jinete bezalako olerkiak idatzi zituen.