SAGARRONDOTIK jaialdira O’Funk’Illo eta Living Colour taldeak ez dira etorriko azkenean, antolatzaileek komunikatu batean jakinarazi dutenez. O’Funk’Illok martxoaren 17an jo behar zuen Hernanin jarriko den karpa erraldoiean honako taldeekin batera: THC, Sorkun, Chambao, Loquillo y Trogoloditas eta Palikelirekin batera eta Living Colour taldeak berriz martxoaren 18an, larunbata, Celtas Cortos, Morodo & Raking Soldiers, Berri Txarrak eta Betagarrirekin.
´Gure eskuhartzetik kanpo`
Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkartetik garbi utzi nahi izan dute talde hauek ez etortzea beren ´eskuhartzetik kanpo` dagoela. Izan ere O`Funk’Illo taldea egun hauetan desegin da, taldekideen arteko arazo pertsonalak medio eta Livig Colour taldeari dagokionez taldeko managerraren arteko desadostasunak izan dira Hernanira ez etortzeko arrazoia. Antolatzaileek azaldu dutenez ´guk bi taldeen etorrera sinatua genuen eta taldeek beraiek izan dituzten arazoak izan dira egoera honetan jarri gaituztenak`. Eskaintzak ´tantarik ez galtzeko` lanean Sagarrondotik-eko arduradunen hitzetan jaialdia hasteko egun gutxi besterik falta ez diren arren ´lanean hasi gara eta gure partetik ahal dugun guztia egingo dugu eskaintzak tantarik galdu ez dezan`. Horretaz gain, azaldu dute ´orain arteko gogo eta ilusioarekin` ordezkatuko dituztela bi talde horiek eta jakin badakitela beren jarraitzaileen ´babesa eta ulermena` izango dutela: ´denon artean sekulako festa eta urteroko giroa izatea lortuko dugu`, diote. Modu berean jakinarazi dute norbaitek bi talde horiek entzuteko sarrerak espreski erosita izan ezkero dirua itzuliko zaiola eta horretarako 943 24 37 23 telefonora deitzea besterik ez duela.
Egun gutxi jaialdia asteko
Sagarrondotik jaialdia hasteko egun gutxi falta dira. Martxoaren 17 eta 18an kontzertuak izango dira Hernanin eta mar-txoaren 19an berriz egun osoko sagardo jaia eta herri kirol lehiaketa Urnietan. Kontzertuetarako bonoak edo txartelak erosi nahi dituenarentzat oraindik garaiz dago, Hernanin ohiko taberna eta saltokietan jarri dituzte salgai. Bonoak 36 euro balio ditu eta egun bateko sarrerak berriz 21 euro aldez aurretik eta 24 euro egunean bertan erosi ezkero.