Zabalaga baserriak tolarea eta sagastiak izan zituen eta Sagardo Egunak hori gogoratuko du

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 4a, 02:00

Atzo izan zen Chillida-Leku Museoan bihar, igandean, antolatu den Sagardo Egunaren aurkezpena. Prentsaurrean azaldu ziren Luis Chillida Museoko arduraduna, Joxan Rekondo Hernaniko Alkatea, eta Ibon Alkorta eta Ana Mari Eguzkitza sagardogileen ordezkariak. Sagardo Eguna goizetik hasiko da, 10:30etan heziketa ekintza bat antolatu baitute. Gero Sagardo Gunearen aurkezpena izango da eta ekitaldi nagusiena eguerdi aldera antolatu dute, sagarrondoak aldatuko baitituzte orduan. Ondoren sagardoa probatu eta iparraldeko gazta dastatzeko aukera izango da.

´Zabalagan tolare arrastoak azaldu ziren`
Atzoko prentsaurrekoan Luis Chillidak hartu zuen lehenik hitza. Azaldu zuen museoko ondare naturala kontserbatzeko ardura sortu zi-tzaiela, zuhaitz asko desagertu direlako museoa ireki zutenetik. Iazko udazkenean Naturgintza Fundazioarekin kontaktuan jarri ziren errekuperazio hitzarmen bat adosteko. Horren harira, Chillidak Zabalaga baserriak sagardo eta sagastiekin zuen lotura azpimarratu zuen ´tolare arrastoak azaldu ziren eta lehenago sagarrondo ugari genituen`, esan zuen. Hortik etorri zen, bere hitzetan, Sagardo Eguna egiteko ideia. Ospakizuna urtero errepikatzea da beren asmoa.

´Hernaniko ataria`
Joxan Rekondoren ustez Chillida-Leku ´Hernaniko atari eta eskaparate ezin hobea da kanpora begira` eta pren-tsaurrean azaldu zuen Udalak elkarlanean jarraitu nahi duela museoarekin, harremanak sendotzeko: ´Txotx irekiera ekitaldian Chillida eta sagardoaren ezkontza hura ikusi genuen eta igandeko ekitaldiak harreman hori gehiago lotzeko aukera emango du`, esan zuen. Bestalde Sagardo Gunearen inguruan ere hitz egin zuen ´proiektu estrategiko` bat dela esanez eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen babesa duela azpimarratuz. Rekondok aurreratu zuenez, asmoa dute Sagardo Gunea sagardogileen elkartearen egoitza nagusi izatea eta sortzear dagoen Sagardoaren Kalitatea Erregulatzeko Elkartea ere hor egongo litzateke, museoaz gain. Ibon Alkortak eta Ana Mari Eguzkitzak eskerrak eman zizkieten eta azaldu zuten horrelako ekitaldiak oso garrantzitsuak direla Sagardo Gunea aurrera ateratzeko.

Sagardo Eguna
Igandeko egitaraua:

10:30etan: Heziketa Ekintzaren hasiera.
Trikitilariak: Añarbe Kalonje, Miren Altuna, Jone Iruretagoiena, Lorea Ezeiza.
11:15etan: Sagardo Gunearen aurkezpena, Jose Luis Loinaz arkitektoaren eskutik.
Txalapartariak: Lara Mitxelena, Ixiar Jauregi.
11:45etan Ongi etorria:Luis Chillida (Chillida-Leku), Joxan Rekondo (alkatea), Pantxoa Etxegoin (Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearen zuzendaria).
12:00etan: Sagarrondoen aldaketa.
12:15etan:Sagardoa eta gazta probatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!