OIER Mendizabalek partidu garrantzitsua du gaur Azpeitian. Retegi Bi lagun duela Asergarcek antolatzen duen Promozio Txapelketako ligaxkaren azken partidua du, Arretxe II-Beginoren kontra. Jaialdia gaueko 22:30etan hasiko da Izarraitz pelotalekuan eta aurretik Arbizu eta Eguskizaren arteko partidua ikusteko aukera izango da, lau t’erdian.
Tanteo ona eta final erdietara
Retegi Bi-Mendizabal II-k bi partidu galdu eta bakarra irabazi dute hasierako ligaxkan, baina jadanik final erdietarako sailkatuta daude. Izan ere, galdutako bi partiduetan 19 tantotan geratu da bikotea eta hortaz tanteo oso ona dute beren alde. Hala ere komeni zaie partidua irabaztea, modu horretan final erdietan kontrario ´xamurragoak` izan bai ditzakete. Gaurko partiduari buruz Mendizabalek Kronikari esan dio: ´Begino oso indartsu dabil eta ez da erraza izango partidua irabaztea`.
´Ez nago forma onenean`
Mendizabal II hernaniar pelotariak iazko maiatzean debutatu zuen eta orduz geroztik partidu asko jokatu ditu profesionaletan. Mendizabalek indar-tsu hasi zuen karrera baina azken aldian malda gora egiten ari zaio, azaldu duenez ´ez nago forma onenean, baina beti ezin da ondo egon, punta-puntako garaiak izaten dira eta baita makalaldiak ere`. Pelotari gaztea ´ilusioz eta gogoz` ari da jokatzen enpresak antolatutako partiduetan eta azaldu duenez horretan jarraituko du. Bigarren mailako banakako txapelketa laster etorriko da, baina hernaniarrak oraindik ez daki bertan jokatuko ote duen.
Oiaga eta Esnal Najerako jaialdian
Josu Oiaga eta Iñaki Esnal Hernaniko pilotari profesionalek Botiboleak Najeran antolatu duen jaialdian jokatuko dute igandean. Oiaga Capellan IIren kontra arituko da eta Esnalek 12 tantoko bi partidu izango ditu eskuz binaka, Nicolas lagun duela eta gero Fuertes-ekin batera. Binakako partiduak Najerako Torneo barruan sartzen dira eta tanteo hoberena duena pasako da hurrengo fasera.