Urtero bezala aurten ere, langile ikastolako 4.DBH-ko ikasleok, ikasbidaia
antolatu dugu. Maiatzaren hasieran abiatuko gara 7 egunetarako, ondo pasaz,
Europako zenbait toki ezagutzera.
Aurten, ondoren azalduko dugun aukeraketa sistemaren bitartez, Europa
iparralderuntz joko dugu, alegia, Paris eta Londreseruntz.
Aukeraketa
Bidaia hau, sistema kolektibo baten bitartez aukeratua izan da. Bidaiara
joateko asmoa genuen ikasleok, lau, bost kidez osaturiko talde ezberdinetan
bildu ginen. Talde bakoitzak, Europako mugen barruan bisitatu nahi zuen
herrialdeari buruzko lan-proposamena egin zuen. Egun bakoitzaren gutxi gora-beherako
planifikazioa antolatu zuen. Bidaiak pertsonako 300 €ko aurrerakontua izan behar
zuen, gehienez.
Hori egin eta gero, talde guztiak batzar batean bildu eta bakoitzak, eginiko
lana azaldu zien gainontzekoei. Aukera guztiak ondo aztertu ondoren, bozketa
anonimo baten bitartez, proposamen guztien artean, egingo dugun bidaia hautatu
zen.
Beste proposamenen artean, lehia gehien eduki zuten bidaiak ondorengo hauek izan
ziren; lehenengoa, Frantzia, Alemania eta Suiza igarotzea zen. Talde honen
helburua, Paris, Munich eta Ginebra hiriburuak ezagutzea zen. Beste talde batek
aldiz, Frantziako kosta ezagutu eta bertako kirol-parkeetan joko ezberdinak
praktikatzea zuen helburu.
Diru kontuak
Bidaia hau egin ahal izateko, denen artean lan ezberdinak eginez, diru
kopuru bat lortu dugu eta oraindik ere beste ekintza batzuen bidez beste
hainbeste lortuko dugu. Hauen artean, jolas orduetan tortila pintxoak saltzen
ari gara. Halaber, abenduaren 24ean euskal soinuaren laguntzaz, etxez etxe
kantari atera ginen. Egun horretan bertan ere, txerrikume bat zozketatu genuen
gudarien plazan.
Aurtengo Santa Ageda bezperan eta inauterietan, Plaza Berrin tortila pintxoak
eta torrijak saldu genituen.
Gainera, kamixetak egiteko asmoa ere badugu. Maiatza bitartean postuak jarriko
ditugu saltzeko.
Bestalde, martxoaren 18an, San Jose bezperan, arkume bat zozketatuko dugu.
Zozketa honetan parte hartu nahi dutenak azal daitezela egun horretan plazan,
bertan errifak salduko baititugu. Hala ere, aste horretan bertan kaxkoan
kartelak jarriko ditugu dena zehaztuz.
Bidaia
Maiatzaren 7an, ilunabarrean Atsegindegin autobusa hartuko dugu Pariserantz
abiatzeko. Bertan hiru egun pasako ditugu eta beste hainbeste Londresen.
Parisen igaroko ditugun hiru egun horietan hainbat gauza berri ezagutzeko aukera
izango dugu, hala nola, hiriko alderdi ezagunenak, Eiffel dorrea, Notre Dame,
hainbat museo, Sena ibaia, Sant Sulpice eliza... Halaber, turkiar bainu
zoragarrietaz gozatzeko aukera izango dugu, bai eta hiriko auzo ezberdinak
ezagutzeko ere.
Londresen, berriz, hiriko txoko berezi eta xelebreak ikusiko ditugu, horien
artean Big Ben erlojua, Buckingham Palace, Westminster Abbey, hainbat museo,
plaza ikusgarriak...
Planifikazio hau ez da behin betikoa izango. Hilabeteotan zehar, ikasgai
ezberdinetan landutako gaiak bidaian aplikatzeko aukera izango dugu. Esaterako,
Gaztelanian, bi liburu irakurri ditugu: "El codigo Da Vinci" eta "Juntos nada
más". Bi nobela horien haria Paris eta Londreseko auzo eta kale xelebreetan
zehar kokatzen da.
Azkenik, zera esan behar dugu; bidaia egin ahal izateko bildu dugun dirua
ikasleok egin dugun lanengatik lortu dugunez, satisfazio berezia sentitzen
dugula. Denok dakigun bezala, ereindako uzta goxoagoa suertatzen zaio langileari
oparitutakoa baino.