ATE jokak Kronikara bidalitako prentsa ohar batean etxebizitzaren gaiaren inguruko bere iritzia plazaratu du eta Udalari hainbat eskari egiten dizkio egoera aldatze aldera. Ate Jokak dio etxebizitzak merkatuaren logikan funtzionatzen duen bitartean ezinezkoa dela denon eskubidea bermatzea: ´etxebizitza negozioa egiteko gauza bat bezala erabiltzen dute hainbatek, askoren etxebizitza premia larriaz maltzurki baliatuz` dio Ate Jokak. Bide honetan diote adierazgarria dela inmobiliarien papera: ´etxebizitzaren kontura etekinak lortzeko helburu bakarra duten enpresak dira, eta honetarako, erosi, alokatu edota informazioa eskaintzeagatik soilik, beraiek ezarritako ‘zerga’ kobratzen digute`. Honen aurrean Ate Jokak azaldu du etxeen salmenta eta alokairua inmobiliariak ez diren beste bide batzuetatik eskaini behar dituztela etxeen jabeek. Honen alternatiba bezala Ate Jokak proposatzen du Udalak gestio lan hori bere gain hartzea. Eta horrekin batera Udalari eskatzen dio etxebizitzaren problematikari ´behingoz heldu` diezaiola, etxe hutsen erabilpena bultzatzeko neurriak hartuta eta alokairuzko etxebizitza parke publikoa bultzatuta.
Mobilizazioak
Horrekin batean Ate Jokak astelehen iluntzean inmobiliaria eta promotorak enpapelatzeari ekin ziola azaldu du. Ekintza hau ´inmobiliarien papera salatzeko abiatu dugun kanpainaren barruan kokatzen da`. Otsailaren 3an kontzentrazioa eta otsailaren 17an kale buelta egin zutela azaldu du etxebizitzaren gaiaren inguruko taldeak.