Hilerriko sarrera txukuntzeko obrak hilabete barru hasiko dira

Kronika - Erredakzioa 2006ko martxoaren 2a

GOBERNU batzarra izango da gaur eta bertan hitz egingo dute hilerriko sarrera txukuntzeko obretaz. Zehazki, hitz egingo dute lan hori egiteko proiektua enpresa bati adjudikatzeaz . Obra egiteko lanak subasta bidez erabaki dira zein enpresari eman eta Construccines Otegi-Gaztañaga S.L.ri egokitu zaio. Obraren aurrekontua, 687.261 eurokoa da. Jose Antonio Cuesta, Herri Lanetako zinegotzi arduradunak azaldutakoaren arabera gehienez ere hilabete barru hasi beharko dute obra horiek eta 5-6 hilabeteren buruan bukatu beharko lukete.

Sarrera txukundu baina nitxo eta panteoirik ez
Hilerria haunditzeko lanetako aurreneko fase honetan, sarrera da txukunduko dena gehienbat. Sarrera urbanizatuko da eta bertan hiru eraikin berri jarriko dira: lurperatzailearentzat bulegoa izango da aurrenekoa; bestea, bi gorputz gordetzeko belatorioa izango da; eta hirugarrena, gorputzak garraiatzeko makina gordetzekoa. Gerra Zibilean fusilatutakoen omenez jarriko den monumentuarentzat ere lekua txukunduko da sarreran. Horrez gain, hilerriko bide nagusian dauden harri txintxarrak kendu eta bidea asfaltatuko dute. Obren aurreneko fase honetan ez da panteoi eta nitxo gehiago egingo. Izan ere Cuestak azaldu duenez, inkesta bat egin zen horiek jartzeko beharra aztertzeko. Emaitzek ez zuten erakusten hasiera batean pentsatzen zena adinako panteoi eta nitxoren beharrik, Costaren hitzetan.

Aztertuko diren beste gaiak
Gobernu Batzarrean aztertuko dira baita ere kultur jardueretarako diru laguntzak emateko oinarriak eta auzo elkarteek jaiak antolatzeko diru laguntzen oinarriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!