Txalapartari buruzko dokumentala jarriko dute gaur ETB1en

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 1a, 02:00

GAUR gauean ETB1 telebista katean txalapartari buruzko dokumental bat ikusteko aukera izango da Txalaparta, herri baten oihartzuna izenburuarekin, Moztu filmak produktorak egina. Bi hernaniarrek egiten dute lan produktora honetan eta dokumentalean Juan Mari Beltran musikariak eta Oreka TX taldeak parte hartzen dute, besteak beste.

Herri baten oihartzuna
Moztu Filmak produktoraz gain Euskal Herriko Dibolutioon Studio Frantziako Marlou Films ekoiztetxeek ere parte hartu dute dokumentalean, France3 eta EITBren lagun- tzarekin. Oskar Tejedor donostiarrak zuzenduriko film honetan txalapartaren inguruko iritzi ezberdinak jasotzen dira, eta horretarako Gregory Antipas atzerriko musikologoaren begiradatik abiatzen dira. Musikologoa Euskal Herrira etorriko da Toulousetik, musika tresna honek eta euskal kulturak erakarrita. Txalapartarekin lan egiten duten hainbat musikari ezagunei elkarrizketak egiten dizkiete, horien artean Juan Mari Beltran, Hernaniko Musika Eskolako irakaslea edo Oreka TX taldea. Kepa Junkera, Nacho Duato, Zuaznabar eta Goikoetxea familiak, Ugarte anaiak, edo Hernaniko txalaparta taldeko Iñigo Monreal-ek ere parte hartzen dute dokumentalean.

Hernanin filmatua
Filma Euskal Herriko hainbat lekutan filmatu da, baita Hernanin ere. Zehazki esateko Hernaniko Musika Eskola eta Santa Barbara inguruetako hainbat eszena azaltzen dira. Ez da lehenengo aldia Moztu filmak Hernanira datorrela, izan ere, iaz Urumean ibili ziren, izokinari buruzko dokumental bat egiten.

Gaur ETB1en
2005eko irailean France3 kateak emititu zuen dokumentala eta gaur, asteazkena, ETB1en jarriko dute euskarazko bertsioa, gaueko 21:45etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!