Sagardo Gunea aurkeztuko dute igandean Chillida Lekun ospatuko den Sagar Egunean

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 1a, 02:00

SAGARDO Gunearen proiektuaren aurkezpena egingo da igandean Chillida Leku museoan ospatuko den Sagardo Egunean. Joxan Rekondo Alkateak aurreratu duenez Sagardoaren Gunea Ave Maria etxea eta parkean dagoen 22.000 metro koadroko eremuan kokatuko litzateke. Sagardo Gunea aurrera ateratzeko elkarlanean aritu dira Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Enpresarien elkartea eta Hernaniko Udala. Ave Maria etxean bertan egongo lirateke sagardoaren sektoreko elkartearentzako eta kalitatearen kontseilu arautzailearentzako egoitzak. Eraikin berri batean egongo lirateke publikoarentzat izango diren museoa, liburutegia eta ekitaldietarako aretoa, besteak beste. Klaustro itsurako gunean izango da patio bat eta erdiko lorategia hainbat motatako sagarrondoek apainduko dute.

2004tik martxan egon den proiektua
Alkateak azaldu du Udal korporazioak 2004an erabaki zuela gaur egun Udalarena den Ave Maria etxe eta parkean kokatzea sagardoaren inguruko gune bat. Egitasmoa zehazteko, 2004ko maiatzean, Udalak Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Enpresarien Elkartera jo zuen eta lankidetza eskatu zuen eraikuntza eta edukiak zehazteko. Urte eta erdi elkarlanean eman ondoren 2005eko abenduan Sagardo Gunea egitasmoa aurkeztu zitzaion aipatutako sagardogileen batzarrari eta Alkateak aipatu duenez gehienek begi onez ikusi zuten eta lankidetzan jarraitzeko asmoa berretsi zuten. Foru Aldundiari proiektua aurkeztu zaio eta martxoaren 22an Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko diote.

Sagardo Eguna igandean Chillida Leku museoan
Proiektu hau zehatz-mehatz aurkeztuko dute igandean Chillida Lekun egingo den Sagar Egunean. Ekitaldia museoa, Udala eta sagardogileen elkarteak antolatu dute elkarlanean. Goizeko 11:30etatik 14:30etara izango dira ekitaldiak. Ekitaldi nagusian, 12:00etan, sagarrondoak landatuko dituzte, gogoratzeko garai batean Zabalaga baserrian sagardoa egiten zela. Sagardoa eta Iparraldeko gaztak probatzeko aukera ere izango da eta horretarako 18 urtetik gorako bisitariei sarrerarekin batean edalontzi bana emango zaie. Musikak borobilduko festa. Aipatu beharrekoa da Hernaniko Plan Turistikoak bi gune garrantzitsu hauen arteko elkarlana aurrikusten duela: Chillida Leku museoa eta sagarra eta sagardoa.

Sagardo Eguna
11:30etan: Sagardo Gunearen aurkezpena, auditoriumean.
12:00etan: Sagarrondo landaketa. Hernaniko Alkateak, Chillida familiak eta sagardogileen elkarteak parte hartuko dute.
12:30etan: herri musika, txalapartariak, trikitilariak....
14:30etan: Ekitaldiaren amaiera.
Sagardoa, gazta eta sagarrez egindako produktuak dastatzeko aukera izango da egun osoan. Bisita gidatuak ere antolatu dituzte Zabalaga baserriaren jatorriari buruzko aipamen bereziekin. 18 urtetik gorakoei edalontzi bat emango zaie sarrerarekin batean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!