HERNANIK estropada ona egin zuen atzo Orion, Koxtapeko bi batelak aurretik izan bazituen ere. Bi segundoren barruan erabaki ziren lehen hiru postuak eta hernaniarrek erakutsi zuten batelik onenen artean daudela. Koxtape Bko arraunlariek 9:11:83ko denboran egin zuten 2 kilometroko bidea; Koxtape Ak 9:12:45; eta Hernanik 9:13:95. Atzerago sartu ziren Illunbe-Trintxerpe, Hibaika eta Fortuna. Hernani denborarik onenarekin iritsi zen balizara, baina, ez zuen erabat ondo eman ziaboga eta pasaitarrek aurrea hartu zieten bukaeran. Entrenatzaileak Kronikari esandakoaren arabera, ondo entrenatzen ari dira eta pentsatzen zuen ondo ibiliko zirela. Orain, zorte pixka bat behar dute lehenengo estropada irabazi ahal izateko. Hurrengo estropada, martxoaren 11ean izango dute.