Lau konpartsa irtengo dira gaur eguerdian Urbieta kaletik

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 26a, 02:00

INAUTERIAK aurrera dijoaz Hernanin eta gaur Konpartsen txanda izango da. Urteroko moduan eguerdian irtengo dira Urbieta kaletik lau konpartsak eta kalean barrena ibiliko dira. Ttarla dantza taldeak, Langilek, Elizatxok eta Inmaculadak aterako dute aurten Konpartsa, bakoitzak gai baten bueltan. Horrez gain, Zirko iluna haurrentzako emanaldia, Betikoak txaranga eta Musika Eskolako trikitilari eta dultzaina joleak ere ibiliko dira, inauterietako igandea alaitzen.
Bestalde, bihar ere Axeri Dantza izango da gaztetxoentzat eta ikasleak berak joango dira sokan ere, lagunak astintzen. Aurretik diana izango da musika eskolako ikasleen eskutik eta ondorenean zezenak, emanaldiak eta abar. Arratsaldean Break dantza ikusgarria ikusteko aukera izango da, iaz bezalaxe, Tilosetan.

Axeri dantzan jendetza
Atzo izan zen urteko lehen Axeri Dantza eta San Joanetakoak adinako arrakastarik ez izan arren jende asko bildu zen. Urteroko moduan, bizkarrak gorri-gorri eraman zituen zenbaitek, ohitura bihurtu baita kamiseta altxata jotzea. Atzo jende ugari ibili zen kalean, larunbata izaki, eta ekitaldiek izan zuten arrakasta, mozorro festak esaterako. 80 lagunetik gora atera ziren 8 talde desberdinetan, oholtza gainean dantzan.

Zaharren egoitzan ekintzak
Maria Madalena zaharren egoitzan aurreko ekitaldietako argazkiak ikusiko dituzte gaur, Gabonetakoak eta San Sebastian egunekoak besteak beste.

Egitaraua gaur, igandea
11:00: Betikoak txarangaren irteera.
12:00: Konpartsen irteera Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea, Langile ikastola, La Inmaculada ikastetxea eta Elizatxo ikastola.
17:30: Haurrentzat emanaldia Atsegindegi plazan. "Zirko iluna" Hortzmuga taldearekin.
18:00: Betikoak txaranga.
19:30: "Hernani" Musika Eskola Publikoko trikitilari eta dultzaina joleen irteera.

 


Goizuetan gaur hasiko dira festak eta mozorroak pronto daude biharko
 

GOIZUETAN gaur hasiko dira inauteriak eta datorren asteartera arte bada non gozatua. Gaur 11:00etan pelota partiduak dituzte eta arratsaldeko 17:00etan Zagi dantza egingo dute herriko gaztetxoek. Arratsaldean Aitor Lesagarekin dantzaldia izango da gaztetxoentzat eta eguneroko moduan mozorroentzat afaria. Nafarroako herri askotan ohitura den bezala ondo ilundutakoan joango dira afaltzera, gaueko 22:00etan. Bihar, astelehena, baserriz baserri dira ibiltzekoak mozorroak eta asteartean, herrian barrena ibiliko dira. Zagi Dantza famatua asteartean izango da kalean bertan, arratsaldeko 16:30etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!