Anttoni Egaña, Luis Gorrotxategi, Maritxu Goñi, Manoli Olano, Ines Sarasua, Joxe Sagarna Kiskillu, Dolores Garmendia, Bittor Zabaleta, Monika Larburu, Matias Olaizola eta Maritxu Oa omendu zituzten atzo inauterien hasiera ekitaldian, Gudarien plaza mozorroen kolorez apainduta zela.
Atzo eman zitzaien hasiera ofiziala Hernaniko inauteriei Anttoni Egaña, Luis Gorrotxategi, Maritxu Goñi, Manoli Olano, Ines Sarasua, Joxe Sagarna Kiskillu, Dolores Garmendia, Bittor Zabaleta, Monika Larburu, Matias Olaizola eta Maritxu Oa-ri omenaldia eginda. Egaña, Gorrotxategi, Goñi, Olano, Sarasua eta Kiskillu izan ziren plazako ekitaldian; ikastetxeetako gazteek bertsoak kantatu eta opari bana eman zieten eta Beatriz Fernandino Kultura Zinegotziak plaka bana udalaren izenean. Omenduek eskerrak eman eta festak ondo pasatzeko gonbitea egin zieten herritarrei.
Garai bateko inauteriak
Omenaldi ondorenean Oindi tabernan izan zuten merienda omenduek eta Kronikak une hori aprobetxatu zuen garai bateko inauterien gainean galderak egiteko. Hernaniko inauteriek ´Tolosakoek baino fama haundiagoa` zuten garai batean omenduen hitzetan eta jende asko etortzen zen herrira. Ostegunean hasi eta astearteko sardina entierrora arte irauten zuten festek, eta oraintxe bezala, Axeri dantza edo Maxkuri dantza izaten zen festetako ekitaldi nagusietakoa. Anekdota moduan, kontatzen dute sardina entierroa galerazi egin zutela urte batean, baina, jendea atera egin zela eta atxilotu ugari izan omen ziren.
Konpartsetan jende asko ateratzen zen lehen eta jendeak kalean eta tabernan egiten zuen festa. Egaña eta Sarasua tabernariak ziren biak eta ondo gogoratzen dute garai hura: ´orduan sagardotegietarako kaxuelak ere guk jartzen genituen tabernan, bokartak pil-pilean, angulak... orain baino merkeago egon ere zeuden`. Ohitura zen torradak jatea postrean eta gosaritan zurrukutuna, Axeri dantza ondorenean.
Gaur eguneko festekin alderik haundiena zen orduan guztiek elkar ezagutzen zutela: ´ezagutu dugu Hernani 6.200 biztanlerekin eta orduan denak ginen ezagunak`. Festa, berez, gauerdiko 12:00etan bukatzen omen zen, batzuek segiko zuten gehixeago ere baino.
Gaur Axeri dantza
Gaur Axeri Dantzak hasiko du goiza. Lehengo inauterietatik datorren ohitura honek jende asko biltzen du eta gaur ere kale betean ibili beharko dute axeriak eta sokakoek maxkuriak astintzen. Hortik aurrera gazteentzako ekitaldi ugari izango da eta tartean mozorro festa: herriko 8 gazte koadrila mozorrotuta aterako dira eta musika lagun hartuta dantzan ariko dira.
Bihar bestalde, Konpartsen txanda izango da eguerdian. Aurten ere Ttarla dantza taldea, Langile ikastola, La Inmaculada ikastetxea eta Elizatxo ikastola irtengo dira bakoitza ondo prestatutako bere mozorro eta karrozarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!