Lehengo inauteriak ezagutu zituztenek hasiko dituzte gaurkoak

Kronika - Erredakzioa 2006ko otsailaren 24a

Arratsaldeko 15:30etan izango du hasiera ofiziala Gudarien plazan.

Anttoni Egaña, Luis Gorrotxategi, Maritxu Goñi, Manoli Olano, Ines Sarasua, Joxe Sagarna Kiskillu, Dolores Garmendia, Bittor Zabaleta, Monika Larburu, Matias Olaizola eta Maritxu Oa izango dira gaur inauteri jaiak hasiko dituztenak, arratsaldeko 15:30etan Gudarien plazan. Garai bateko inauterietan protagonista izan zirenak izango dira aurtengo hasieran ere. Hortik aurrera asteartera arteko egitarau zabala da Hernanin, herriko gazteenek gozatu ahal izateko. Omenaldi ondorenean Urumea ikastolako txaranga aterako da eta arratsaldeko 17:00etan Kriskitiña dantza taldeko erraldoi eta buruhaundien konpartsa aterako da. Ondorenean, berriz, Kupela trikitilarien emanaldia izango da Plaza Berrin. Lehenengo Axeri dantza Hernaniko festetako bereizgarria eta ekitaldi arrakastatsuenetakoa Axeri Dantza izaten da urtero, eta urteko lehenengoa bihar goizean izango da, 10:00etan. Parrandero eta goiztiarrek izango dute etxera hotzik gabe bueltatzeko aukera. Astelehenean ere bada Axeri Dantza. Berez, gerra aurrean inauterietan egiten zen, baina gerra ostean inauteriak debekatu zituzten eta 1941ean Axeri Dantza San Joanetan jartzeko eskaera egin zuten. Hala ere, aurretik Axeri Dantza San Joanetan egiten zen baita ere, 1735ko dokumentu batzuk diotenez. Axeria berriz, duela 18 urtekoa da. Berriak sorginkerian Berriak elkarteak mozorrotzeko gai bat aukeratzen du urtero eta aurten sorginkeria gaia hautatu dute. Dei egin die dendari, tabernari eta herritarrei mozorroa prestatzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!