Jubilatu etxeak 2005eko memoria onartu zuen eta zuzendaritzak hilabetean jarraituko du

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 23a, 02:00

Atzo izan zuten urteko batzarra Jubilatu Etxean eta gai asko izan zituzten eztabaidagai.

Atzo izan zen jubilatu etxeko batzarra, Goiz Eguzkiko egoitzan eta luze jo zuen, eztabaidarako puntu ugari izaki. Iazko batzarreko akta onartu eta 2005eko balantzea aurkeztu zituzten. Urtean zehar jende asko inguratzen da Goiz Eguzkira eta bertako zerbitzuek harrera ona dute. Iaz martxan jarritako fisioterapia zerbitzua da adibideetako bat, bazkideek oso gustora hartu dutena. Horrez gain, gimnasiara 126 bazkide joaten dira kiroldegira, astean hiru egunetan ordubetez. Bidaietarako bi autobus betetzen dira aldiro eta gainerako zerbitzuen harrera ere oso ona da: hitzaldi, ileapaindegi, kontzertu... 2.600 bazkide Jubilatu etxeak 2.600 bazkide inguru ditu gaur egun. Iaz kuota ordaindu zutenak 1.867 izan ziren zuzendaritza batzordeak jakitera eman duenez. Batzarrak onartu zuen, 2006ko abendu bukaeran kuota ordaindu gabe dutenei 2007an baja emango zitzaiela. Hala ere, horren berri zuzenago ematekotan gelditu zen batzarra. Kuota 5 eurotan mantenduko da. Obra eta erosketak 2005ean zenbait konponketa eta erosketa egin dituzte jubilatu etxean: telebista pantaila erraldoi bat jarri dute, silak eta mahaiak osatu, bulegoa txukun jarri ordenadore, fax, fotokopiagailu eta inpresora berriarekin eta abar luze bat. Aurtengo egitasmoak 2006rako egitasmo nagusia Goiz Eguzkiko beheko pista berritzekoa izango da. Andoni Amonarraiz Ongintza Patronatuko zuzendariak horren berri eman zuen atzoko batzarrean. Orain, lehen fasea egingo da: Goiz Eguzkiko lehengo saskibaloiko pista txukundu, bolatokia egin, ranpekin sarrera hobetu eta betelana egin beheraino, aldapa bakarra gelditzeko. Gero bigarren fasea etorriko litzateke eta hor bolatokia estali eta goiko partea txukunduko dute. Zuzendaritza berria Manuel Fernandez lehendakariak hirugarren urtea du aurtengoa eta uztera dijoala esan zuen. Hala ere, ordezko inor aurkeztu ez denez, zuzendaritzak beste hilabetean jarraituko duela esan zuen, jende berria aurkeztu artean jarraipena emateko. Legeak Goiz Eguzkiko egoitzan tabakoa erretzea galarazten du Atzoko batzarrean eztabaidarik gehien sortu zuen gaietako bat erretzearen ingurukoa izan zen. Legez ezin da erre leku publikoetan eta Jubilatu Etxean galarazia dago erretzea. Gainera, urte hasieran salaketaren bat izan zen Goiz Eguzkiko egoitzan erretzen zelako eta orain galarazia dago. Andoni Amonarraiz Ongintzako Lehendakariak esan zuen EUDEL aztertzen ari dela horrelako egoitzetan erretzeko tokiak egokitzeko aukerarik bilatu ote litekeen, baina, bitartean legeak ez duela uzten horretarako egokitutako lekurik jartzen ere. Egoitzak eskaintzen dituen zerbitzuak: Taberna eta jatetxea. Billar amerikar eta klasikoa. Dantza igandetan. Mahai joko gela. Bulegoa astelehen, asteazken eta ostiraletan, 16:00-18:00. Ileapaindegia gizon eta emakumeentzat. Hazkazal konpontzea. Tentsioa hartzea. Fisioterapia sesioa. Sukaldea Kontzertu, hitzaldi, eta audiobisual emanaldiak. Gimnasia kurtsoak. Osasun eta ongizate ikastaroak. Txapelketak udaberri eta udazkenean. Eskulan tailerra. Internet gela. Bidaiak: egun batekoak, asteburukoak eta 10-11 egunetakoak. Ibilaldiak goizetan. Luntxak eta loteria.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!