Donostiako frantsizkotarren komentuan hartu gaitu, Atotxa parean. Aparkatzeko izaten diren arazoak komentatu eta esan digu bera bizi den lekuan ez dela horrelakorik izaten. Lasai hitz egiten du, garbi eta ulertzeko moduan. Nabari da ohituta dagoela elkarrizketa sakonetara, gure galderak arretaz aditu eta denbora hartzen du erantzuteko. Manuel Egiguren Boliviako Beni-ko Gotzaia da eta gure artean izango da maiatza bitartean. Kooperazio taldeak gonbidatuta hitzaldia emango du gaur, osteguna, Biteri Kultur Etxean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Boliviako indigenen borroka, egoera politikoa, Elizaren iritzia eta beste hainbat gai izango ditu ahotan Goiatz herrian 1930ean jaio eta bizitza erdia amerikan daraman apaiz ezagunak.
KONTAIGUZU, nola sartu zinen apaiz?
Arantzazun hasi ginen 11 urterekin. Nire adiskide bat bertara joan zen
ikasketak egitera eta ni oso laguna nintzenez berarekin joan nintzen. Bertan
egin nuen karrera.
Eta hortik, nora joan zinen gero?
Karrera bukatutakoan sei edo zapi urte egin nituen apaiz lanetan Gernikan
eta Bermeon eta gero hortik Kolonbiara joan nintzen, 1961 urtean. Amerikan
lehenengo urteak handik eta hemendik pasa nituen misiolari Ekuadorren, El
Salvadorren, Santo Domingon... Gero Montevideora joan nintzen eta hamaika urte
pasa nituen bertan. Bueno Airesen hiru urte gehiago eta Paraguaien beste hiru.
Azkenik, duela 24 urte Boliviako Beni lurraldeko Gotzai izendatu ninduten.
Eta geroztik han zaude. Nolakoa da Beni?
Bolivia bederatzi departamendutan dago banatuta eta horietako bat da Beni.
Gutxi gorabehera Espainiaren erdia izango litzateke tamainaz eta Amazoniako
oihanean kokatzen da.
Boliviak bi zati ditu bata altiplanoa eta bestea Amazonia. Indigena gehienak
altiplanoan bizi dira, mendialdean, baina Amazonian ere asko daude. Boliviako
biztanleen %65 indigenak dira, hortik atera kontuak. Benin esaterako 11
hizkuntza ezberdin daude.
Hernanin emango duzun hitzaldian zeri buruz hitz egingo duzu, indigenen
ingurua akaso?
Bai. Indigenak beti egon dira zapalduta Bolivian. Zapalduta eta
diskriminatuta, jauntxoen eskutik. Eskubiderik ez dute izan oraintsu arte,
esaterako, indigena batek ez zuen maisu izaterik, herri haundietan ezin zuen
sartu eta botoa emateko eskubiderik ere ez zuen, emakumeek are gutxiago.
Baina gauzak aldatu egin dira, ezta?
1952an iraultza izan zen eta hainbat eskubide lortu zituzten, hortik aurrera
borrokak jarraitu zuen, lurrak, kultura eta nortasunaren alde. Indigenak
antolatu eta indartzen hasi ziren. Elizak zerikusi haundia izan du mugimendu
horretan guztian.
Eta orain presidente berria dago, Evo Morales...
Presidente berriarekin itxaropena sortu da Bolivia berri bat moldatzeko.
Garaiak aldatu dira, orain arte jauntxoek agindu dute Bolivian, baina orain
herria izango da nagusi.
Egoera berriaz kofindantza haundia duzula ematen du... ez ote zaio Evo
Moralesi Brasilgo Lulari bezela pasako?
Brasil herrialde haundia da eta nazioarteko interes asko daude bertan, Lulak,
nahi ez izanda ere, presio haundia jasaten du. Evo Morales aldiz boto piloarekin
atera da garaile eta jauntxoak zer egin ez dakitela geratu dira.
Eta ejertzitoa, arriskurik ba al dago hor?
Ez dut uste. Ejertzitoek porrot asko izan dituzte azken aldian eta ez dute
indarrik. Hala ere arriskuak badaude. Evok gauza asko agindu zituen
hauteskundeetan eta herriak aldaketak segituan ikusi nahi ditu, horrelakorik
gertatzen ez bada, baliteke herria bera Evoren kontra ateratzea, oposizioak
xaxatuta. Diruaren aurrean jendea oso ahula da eta erraz saldu dezake bere burua,
hori gerta daiteke Evo Moralesen ondoan dauden askorekin.
Erronka haundiak ditu beraz indigena aymara honek aurrean...
Erronka haundiena gasarekin du nere ustez. Boliviak gas piloa dauka, baina
kanpoko enpresa pribatuen eskuetan dago. Gas hori nazionalizatu egin behar da,
baina Evok esan du bere asmoa ez dela enpresak botatzea, horiek garrantzitsuak
direla gasaren produkziorako, gasaren kontuari neurria hartzea erronka haundia
da.
Beste erronka bat konstituzio berriari dagokio. Alderdi guztiak ados jarri dira
konstituzio berri bat behar duela Boliviak eta indigenek orain aukera paregabea
dute beren borrokan aurrera jarraitzeko. Nik uste dut presidente berriak jakingo
duela konstituzio on bat egiteko bidea bilatzen.
Zuk Evo Morales ezagutzen duzu pertsonalki? Nolakoa da bera?
Bai, egon naiz berarekin. Naturaltasunez hitz egiten du eta erraztasun
haundia dauka horretarako. Agian ez du izango goi mailako ikasketarik, baina
politikan eta negoziazioetan aritzeko sena berezia dauka.
Urte mordoa kanpoan eman duzu eta... noiz itzuliko zara berriro Euskal
Herrira?
Lan egiteko balio dudan bitartean han geratuko naiz eta gero esperantza
badaukat hona etortzekoa. Arantzazun frantziskotarrek beso zabalik eta goxo
hartuko nautela badakit eta beraz, ez daukat etortzeko beldurrik.