Xabat Otxotorena zazpigarren, Valentziako Voltako lehenengo etapan

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 22a, 02:00

 

XABAT Otxotorena txirrindulari hernaniarrak atzo hasi zuen aurtengo denboraldia, Valentziako Volta hastearekin batera. Indartsu hasi ere, zazpigarren egin zuen atzoko etapan, Kolobnev, Petacchi eta Allan Davis txirrindulari ezagunen atzetik. Otxotorenak karrera amaitu eta gero Kronikari azaldu zionez gustora dago atzo lortutako postuarekin: ´azkeneko sprintean ondo kolokatzea lortu dut eta aurreneko postuetan sartu ahal izan naiz`, esan zuen, ´aurrean zein txirrindulariren artean ibili naizen ikusita, pozik nago`, gaineratu zuen.

Bost etapako itzuli prestigiotsua
Valentziako itzuliak bost etapa ditu eta hernaniar txirrindulari profesionalaren hitzetan itzuli ´prestigiotsua` da, bertan txirrindulari garrantzitsu askok parte hartzen baitu. Iazko edizioa Petacchik irabazi zuen eta aurtengoan Bernabeu, Colom eta Dessel dira faborito. Euskal Herritik Kaiku, Orbea eta Euskaltel taldeak joan dira Valentziara, Otxotorenaren taldeak, Orbeak, aurten debutatu du gainera.
Etapa gehienak sprintean amaitzekoak dira, baina bada tartean etapa menditsu bat eta helmuga lehenengo mailako portu batean izango da etapa horretan. Otxotorenaren ustez ´ihesaldietan aurrean egotea` da garrantzitsuena, hala ere hernaniarrak garbi utzi du oraindik ikusteko dagoela nola erantzungo duen: ´denboraldiko lehenengo karrera izanda inkognita bat da hori`, dio. Atzokoan behintzat garbi utzi zuen indartsu dabilela eta gogoz heldu diola denboraldiari.
Gaurko etapak, Vila Real-Vila Real, 151 kilometro ditu eta 12:00etan hasi eta 16:00ak aldera bukatuko dela aurreikusi dute. Tartean hirugarren mailako portu bat pasa beharko dute txirrindulariek eta amaiera laua izango da (TV2k emitituko du 16:45etan).

Euskal Bizikleta helburu
Aurtengo denboraldiari begira hainbat zita garrantzitsu ditu Orbeak. Hurrengo karrera Portugaleko Sari Haundia izango da, martxoaren 9tik 12ra bitartean. Baina Orbeakoek Euskal Bizikleta dute begiz jota, hori izango da Otxotorenarentzat karrera garrantzitsuena. Euskal Bizikleta maiatzaren bukaeran hasiko da eta bertan aurrean egon nahi luke txirrindulari hernaniarrak etaparen batean. Etaparik irabazi baliteke ´hobe` dio, baina segidan onarzen du hori ´oso zaila` izango dela.
Otxotorenaren bigarren urtea izango da aurtengoa profesionaletan eta bere hitzetan ´aurten gehiago exijituko didate, aurrerapausoak egiteko gai naizela demostratu behar dut`. Oraingoz lortu du pausu garrantzitsu bat, zazpigarren postua denboraldiko lehenengo etapan.

Ricardo Serrano fin ibili zen atzokoan
Ereñotzun bizi den Ricardo Serrano txirrindularia ere fin ibili zen atzokoan, Otxotorenaren atzetik sartu zen, zortzigarren postuan. Serranok mendiko eta sprinteko paso gehienetan puntuatzea lortu zuen eta erakutsi du aurrean ibiltzeko gogoarekin hasi duela denboraldia.
Otxotorena: ´Pozik nago, txirrindulari onentsuenen artean sartu naizelako`
 
   
  Xabat Otxotorena (Hernani, 1980)
 

Urnietako Kirol Elkartean hasi zen txirrindularitzan, Ulma-Cegasan ibili eta gero Serbitzu-Kirolgin garaipen garrantzitsuak lortu zituen erregulartasun haundia erakutsiz. 2005ean Orbeako Jon Odriozolak deituta profesional mailara pasa zen.

Profesionaletako palmaresa (2005):

- 9. postua Do Oeste sariko bi etapatan
- 13. Mallorcako Challengeko lehen etapan
- 16. postua Valentziako Luis Puig klasikan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!