Bildu Hernani: ´kultur azpiegitura baten beharrak eztabaida zabal bat merezi du`

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 20a, 02:00

Bildu Hernanik Kronikara bidalitako prentsa ohar batean hainbat gaiaren inguruko gogoeta plazaratu du. Batetik Aitor Zinema eta kultur azpiegitura baten beharraz hitz egiten du plataformak. Bildu Hernanik dio interes haundiarekin jarraitzen ari dela Aitor Zinemaren inguruan azaltzen ari diren aipamenak eta kezkak: ´zentzu honetan esan behar dugu Bildu Hernanik kultur azpiegitura zabal baten eskaera plazaratu duela 2005 eta 2006ko Udal Aurrekontuen eztabaidan, eta erantzuna denon aldetik ezaguna da: ezezko borobila`. Hala ere dio beharrak jarraitu egiten duela eta uste du gai honek eztabaida zabal bat merezi duela: ´herriko eragile, eta herritarren artean: azpiegitura horren ezaugarriak, kudeaketa, zein kultur eredua nahi dugun, eta abar` azaldu du BHk. Bukatzeko dio Bildu Hernani eztabaida horretan parte hartzeko eta bultzatzeko prest dagoela. Kale Nagusiko etxeak Beste puntu batean Bildu Hernanik bere kezka agertu du Kale Nagusian botatako etxeen inguruan: ´Kale Nagusiko 3-5 zenbakietan egiten ari diren obrak direla eta, Arratibel hirigintza arduradunari esan nahi diogu zorroztasun gehiago behar dela lizentziak emateko garaian. Hernaniko Kasko Historikoa babes bereziko zonaldea izanda Udalak ardura bereziarekin jokatu behar du eta bertan egiten diren obretako lizentzietan zehatz eta mehatz azpimarratu behar die partikularrei zein neurri hartu behar dituzten herriko alde zaharreko ondarea zaintzeko` azpimarratu dute. Horrekin batean dio horrelako obrei jarraipen berezia egin behar zaiela, eskatutakoa betetzen ari den edo ez jakiteko. ´Bestela gertatu den bezala, arazoei eta istripuei bidea errazten zaie. Gure ustetan Udalaren aldetik bazeuden moduak lana hobeto eta txukunago egiteko eta hori da eskatzen duguna: arreta eta zorroztasun haundiagoarekin aritzea` azaldu du Bildu Hernanik. Ertzaintzaren jokaera Azkeneko puntuan BHk hitz egiten du Ertzaintzaren jokaeraz: ´beste behin Bildu Hernanik Ertzaintzak gure herrian daraman jokaera bortitza eta errepresiboa salatu behar du. Azken gertaera ostegun ilunabarrean izan zen non ertzainek kartelak pegatzen ari ziren hainbat gazte erasotu, kolpatu, lurrera bota eta identifikatu egin zituen`. BHk azaldu du egun hauetan alderdi politiko askok, ´horien artean PNV`, eskubide zibil eta politikoen alde azaldu direla. ´Zentzu honetan interpelazio zuzena egin nahi diogu PNVri eta Eusko Jaurlaritza osatzen duten beste alderdiei, EA eta Ezker Batua: noiz aginduko diozue Ertzaintzari, euskal herritarrak jipoitu ordez, euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen babesean aritzeko?`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!