San Ignacio de Moxos: oihanaren bihotzean kokatutako herria

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 18a, 02:00

Bertako biztanle gehienak nekazariak dira, chacoetan lan egiten dutenak. Gizarte behartsu horren ordezkaritza gaztea da orkesta eta abesbatzako parte.

San Ignacio de Moxos Amazonaseko oihanean dagoen herria da, Beniko departamenduan. 9.000 biztanle ditu herri kaxkoak, nahiz eta inguruan ere jende asko bizi. Bolivia 9 departamendutan dago banatua eta horietatik bi dira Amazonasen daudenak. San Ignacio de Moxos herria, departamenduko Trinidad hiritik 90 kilometrora dago, autoan 3 bat orduko bidean. Izan ere lurrezko pista batek elkartzen ditu bi hiriguneak eta batetik bestera joateko hiru aldiz pasa behar da errioa, motor ontzi batzuetan. Eurite garaian, berriz, zenbait zati kanoan egin behar izaten dira edo abionetan. Herri txiroa San Ignacio de Moxos herriko biztanleen %85 indigenak dira, eta Bolivian eta beste zenbait herrialdetan gertatzen den bezalaxe, behartsuak. Nekazariak dira gehienak, berek chaco deitzen dituzten baratza txikiak egiten dituztenak. Amazonas ia guztiko herriak bezalaxe, lurra beren izenera jartzeko borroka bizia dute nekazari hauek, ganadugileek eta egur negoziora dedikatzen direnek interes haundiak baitituzte eta deforestazio haundia ari baita gertatzen. San Ignacio de Moxoseko orkesta eta abesbatza ere nekazari familia hauetako neska-mutilez dago osatua ia bere osotasunean, 11 eta 19 urte arteko musikari eta kantari gaztez. ´Etxe behartsuetakoak dira gehienak, bazterketa sozial eta kultural haundia jasaten dutenak` Taupadak GKEaren informazio orriek azaltzen dutenez. Nesken egoera Fernando de la Hera Taupadakeko lehendakariak Kronikari azaldutakoaren arabera, gizarte zati txiroenetan ema-kumeen egoera are gogorragoa da: ´9 urtetik aurrera etxeko lanetan aritzen dira neskak eta denbora librerik gelditzen bazaie joaten dira eskolara ere`. Denborak ordea egoera ari du pixka bat aldatzen Taupadakeko kidearen hitzetan: ´Orkesta eta abesbatza ari dira egoera hori puskatzen eta jiran 37 musikari eta kantarietatik 19 neskak dira. Hori pentsa ezina zen orain urte gutxi`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!