Taupadak GKEaren (ONG) eskutik etorriko dira, kooperazio taldeak gonbidatuta. Udalak diruz laguntzen ditu Taupadak taldearen zenbait proiektu Bolivian, garapen bidean dauden herrialdeei ematen zaien diru laguntzetatik eta ´huts egin ezinezko zita` dute ostegunekoa.
Boliviako oihanean dagoen San Ignacio de Moxoseko orkesta eta abesbatza jira bat egiten ari da Euskal Herrian eta Frantzian barrena, eta datorren ostegunean kontzertua emango dute Hernaniko Joan Bataiatzailea Parrokian, arratsaldeko 19:30etan. Jesuiten misioa izan zen Boliviako herri hau XVII eta XVIIIgarren mendeetan, eta garai hartan mezetarako konposatutako kantuak mantendu ditu gaur arte bertako herriak. 1764an Espainiako koroak jesuitak bota egin zituen Hego Ameriketatik ´indigenen eskubideak defendatzeagatik` eta San Ignacio de Moxoseko misioa ere orduan utzi zuten. Orduko kantu asko ordea gorderik izan dira herri horretan eta bertako musika eskola berpizten ari dira Taupadak Gobernuz Kanpoko erakundearen laguntzarekin.
Duintasuna
mantentzeko modua
Taupadak GKEak proiektu asko bultzatzen ditu Bolivian eta musika eskolaren proiektua ere ia osorik berak laguntzen du diruz. Fernando de la Hera da Taupadakeko lehendakaria eta Kronikari proiektuaren muina azaldu dio: ´Lekunberriko Maria Jesus Etxarri monja Ursulinak fundatu zuen musika eskola eta orain 3 urte gurekin kontaktatu zuten laguntza eske. Gure helburuak lurraldea, kultura eta duintasuna indartzea dira herri txiroetan eta garai bateko musika berreskuratzeko proiektu honek bultzatzen dituen helburuak ikusita laguntzea erabaki genuen`.
Misioetako doinuak eta bertako berezko doinuak biltzen ditu talde honek eta de la Heraren hitzetan ´duintasunari eusteko` modu bat da. Gaur egun 280 neska-mutil daude musika eskolan eta kantuan, instrumentuak jotzen eta dantzan ikasten dute. Horrez gain, instrumentuak egiteko tailerra ere badute eta berek egiten dituzte gero jotzeko erabiliko dituzten instrumentu asko.
Hernanin zita derrigorra
Hernaniko udalak diruz laguntzen ditu garapen bidean dauden herrietako zenbait proiektu, kooperazio taldearen bidez, eta Taupadak GKEari urte askoan eman dio laguntza bere proiektuak aurrera atera ahal izateko. Lehendakariak Kronikari esan dio zita derrigorra zutela Hernanikoa: ´laguntza ematen duten herriak gogoan izan ditugu bira honetan eta hiriburuez gain herri horietan ere kontzertuak emango ditugu. Hernani talde horretan dago`. Hernaniko kontzertuan zenbat jende bilduko den ez daki Taupadak taldeak eta dei egin die herritarrei ostegunean Parrokira azaltzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!