Garai batean festako protagonista izan zirenek hasiko dituzte aurtengo inauteriak

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 18a, 02:00

Datorren ostiralean hasiko dira festak, arratsaldeko 15:30etan plazan. Haurrentzako egitaraua izango da aurten ere gehienbat.

Datorren ostiralean hasiko dira inauteriak Hernanin, otsailaren 24an. Haur eta gazteentzako egitaraua izango dute aurtengo festek, baina, omenaldia garai batean inauterietan protagonista izan ziren zenbait hernaniarri egingo zaie. Aurten plazan egingo da festa hasiera eta omenaldi ekitaldia eta oholtza egokituko da horretarako. Omenduak dira: Anttoni Egaña, Luis Gorrotxategi, Maritxu Goñi, Manoli Olano, Ines Sarasua, Joxe Sagarna Kiskillu, Dolores Garmendia, Bittor Zabaleta, Monika Larburu, Matias Olaizola eta Maritxu Oa. Berak izango dira aurtengo Inauteriak hasiko dituztenak, arratsaldeko 15:30etan. Azken urteetako bidetik Inauteriek azken urteetako egitarau beretsua izango dute aurten ere. Haur eta gazteentzako erraldoi eta buruhaundiak, trikitixa, azeri dantza, txaranga, zezenak, emanaldiak eta abar izango dira. Garai batean helduentzat ere izaten ziren gauzak inauterietan, baina, azken urteetan gazteenei zuzendutako festa izaten da Hernanin. Antolakuntza eta egitarauean herriko ikastetxeek ere parte hartze zuzena izaten dute azken urteetako inauterietan. Mozorro festa eta konpartsa Urtero antolatzen da Hernanin mozorro festa eta aurten ere egingo da otsailaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan, Tilosetan. Gazteek, banaka eta taldean musika eta kanta saioak egiten dituzte mozorrotuta eta sariketa bat ere izango da. Parte hartzaileen artean banatuko dituzte sari horiek. Bestalde, Konpartsak igande eguerdian irtengo dira Urbieta kaletik. Aurten ere Ttarla dantza taldeak, Langile ikastolak, Inmaculada ikastetxeak eta Elizatxo ikastolak aterako dute karroza. Sardina ehorzketa berriz, asteartean izango da, otsailaren 28an, inauteriei bukaera emateko. Sardina kale bueltan paseatu eta plazan su emango zaio, garizumaren hasiera sinbolizatzen duen ekitaldian.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!