URUMEA ikastolak antolatuta Inude eta Artzaien konpartsak herriko kaleak zeharkatuko ditu igandean. Eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Urumea ikastolatik eta Plaza, Kardaberaz, Plaza Berri, Kale Nagusia, Zinkoenea eta Urbieta kalea pasa ondoren Plazan egingo dute geldialdia. Bertan antzeztuko dute ekitaldi nagusia: inudeek haurrei txertoak jarri eta udaletxeko agintariei aurkeztuko dizkiete, beren izen abizenak erregistroan idatzita gordetzeko. Arin-arina dantzatu ondoren ikastolara itzuliko dira.
Eguraldi txarra egingo balu Atsegindegi plazan egingo da ekitaldi nagusia.
120 ikasle
Konpartsan 120 ikaslek parte hartuko dute, horietatik 48 dantzariak izango dira. Hauen aurretik garai bateko pertsonaiak joango dira: globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, sendagileak, eta abar. Musikariak ere izango dira tartean eta baita danbor joleak ere.
13 urte dira konpartsa egiten dela eta jende asko biltzen da ikustera, baita Hernanitik kanpokoa ere. yy