Iñaki Arratibel Hirigintza Zinegotziak Kale Nagusia eta Tiloseta artean botatako etxeen inguruko BHren adierazpenei erantzun die.
IÑAKI Arratibel Hirigintza Zinegotziak Bildu Hernanik egindako adierazpenei erantzun die, Kale Nagusia eta Tiloseta artean botatako etxeen inguruan. Arratibelek dio BHk Udalaren hirigintza-politika gaitzetsi duela berriro ´errealitatera hurbildu gabe`. Azaldu du Kale Nagusian egiten ari diren lanetan, kontuan hartu direla hirigune historikoan babestu behar diren elementu arkitektonikoak eta lizentziak ez duela babes hori aipatzen, ´sustatzaileek aurkeztutako proiektuan dagoeneko jasota zeudelako fatxada osatzen duten harlanduzko lanak`.
Fatxada erori
Arratibelek azaldu du eraikuntza berritzeko lanetan ari zirela ´fatxada erori egin zela ustekabean`. Horrekin batean dio sustatzaileei eskatuko zaiela nola jokatu duten Udalari adieraztea eta Hirigintzatik fatxada berreraikitzeko esijitu zaiela esan du zinegotziak, ´posible bada harlandu originalak erabiliz`.
Bukatzeko, Arratibelek dio BHk ´berriro ere hanka sartu` duela, ´lizentziari soilik begiratu beharrean, proiektuari begiratzeko lana hartu izan balute, sustatzaileen aldetik jada fatxadaren kontserbazioa aztertzen zela ohartuko ziren eta ondorioz, hirigintza fitxaren eskakizunak betetzen zirela`. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!