Auzo elkartearen eskari bati erantzun nahi dio Udalak eta Renferi proposatuko dio asmoa.
PORTU auzoko atzealdean, trenbide ondoan, gune berde bat jartzeko asmoa du Udalak, atzo Andoni Amonarraiz zinegotziak azaldu zuenez. Terreno hori momentu honetan urbanizatu gabe dago, sastraka eta harri-txintxarrez betea. Lehenago, trenbideko malda Portuko etxeetaraino iristen zen, Amonarraizek esan zuenez, baina obra batzuen ondorioz tarte bat geratu da.
Paseorako eta kirola
egiteko gunea
Atzealde hori aprobetxatzeko asmoa Udalak eta auzo elkarteak egindako bilera batetik sortu zela azaldu zuen Amonarraizek. Oraindik erabat zehaztu gabe dagoen arren, segurua da bertan berdegune bat joango dela paseorako eta kirola egiteko espazio bat ere jarri nahiko lukete.
Guztira 500 metro luze eta 15 metro zabal inguru dituen lekua da trenbide ondokoa, Portu auzoan hasi eta bariante berriko biaduktoraino iristen da, Portuko erreka ondotik.
Renferekin hitzarmena
Udalak, auzo elkartearen proposamen zehatza zein den jakitean, Renferekin hitzarmen bat sinatu nahi du. Izan ere, lur horiek guztiak tren konpainiarenak dira. Hitzarmena Karabe-leko aparkamenduekin egindakoaren antzekoa izango litzateke eta Udalak alokairu bat ordainduko luke terreno horiengatik hainbat urtetan.
Amonarraizen ustez ez dirudi lekua urbanizatzeko obra asko egin beharko denik, baina horrela izanez gero, proiektu bat egingo dutela azaldu zuen. Horretaz gain, zinegotziak esan zuenez seguruenik langa altu bat jarri beharko da trenbide ondoan, Karabelen egingo den modura. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!