Esther Lopezek Kopa irabazi du hirugarren aldiz Tenerife Marichal taldearekin

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 15a, 02:00

3-0 irabazi zioten finala igandean Las Palmasi.

ESTHER Lopez boleibol jokalari hernaniarrak palmaresa zabaltzen darrai eta hirugarren urtez jarraian lortu du Erreginaren Kopa, Tenerife Marichal taldearekin. Igandean jokatu zuten finala Murtzian Spar Tenerife Marichal taldeak eta Las Palmas de Gran Canariak eta 3-0 nagusitu ziren azken 10 urteetako irabazleak. Jokoak 27-29, 20-25 eta 19-25 izan ziren. Partidu hasiera ederra eta gogorra izan zen, baina, lehen bi jokoak irabazita hirugarrena errazago bereganatu zuen Tenerife Marichalek eta jokorik galdu gabe jaso zuten Kopa. Goi mailako liberoa Esther Lopezek libero jokatzen du eta postu horretako Europako jokalaririk onena juzgatu izan dute. Boleibolean Hernanin hasi zen, baina, badaramazki 14 bat urte talde batetik bestera, onenekin lehian. Azken denboraldiak Tenerifen pasa ditu eta hor lortu ditu bere karrerako emaitza eta titulurik onenak: Liga, Superkopa, Europako txapelketa eta aurten hirugarren aldiz Kopa. Esther Lopez oso joko maila onean dabil azken urteetan eta seguru sari gehiago ere lortuko dituela Tenerifeko talde haundiarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!