Datorren asteburuan izango da Sagarrandotik jaialdia eta musika taldeetako protagonistek agindu dute Hernaniko kontzertuak berezia izateko motibo asko dituela. Urteroko joerari jarraituz, estilo eta kolore ezberdinetako zortzi musika talde arituko dira ostiral eta larunbatean: sona haundia hartu duen Chambao taldea, flamenkoa eta musika elektronikoa biltzen dituena, Sorkun (Araba), THC (Nafarroa), Loquillo y los Trogloditas (Katalunia), Pal Keli (Andaluzia), Morodo (Madrid), Berri Txarrak (Araba), Celtas Cortos (Valladolid) eta Hamlet (Madrid). Hasierako karteletik bi taldek huts egin dute talde barruko arazoak medio, baina, antolakuntzak berehala osatu du berriro zortzikotea.
Berezia Aste honetan egin da jaialdiaren aurkezpena Kursaalen eta bertan izan diren taldeetako ordezkariak aitortu zuten gogo haundiz datozela Sagarrondotik jaialdira. Loquillo y los trogloditas taldearen kasuan, Loquillo berak adierazi zuen Hernaniko kontzertua orain egitera dijoan jira berriaren lehenbizikoa izango dela eta ilusio berezia daukala egun horretarako. THC talde nafarra ere Hernanin izango da ostiralean. Eva abeslariak esan zuen taldea oso pozik dagoela 10.000 lagunen aurrean eta horrelako kartelarekin jotzeko aukera izatearekin. «Guri musika egitea eta konpartitzea gustatzen zaigu eta alde horretatik Sagarrondotiken jotzea gozada bat da». Sorkun ere Kursaaleko aurkezpenean izan zen. Taldeak disko berria aterea du eta irailetik herriz herri dabil asteburuero. Bai hemen eta bai estatuan. «Oso gustora gaude gure lanak izaten ari duen harrerarekin eta espero dugu Hernanin ere hala izatea» esan zuen Sorkun abeslariak. Sorkun-ek aitortu zuenez Sagarrondotikeko kartela ikustean bere aurreneko erreakzioa izan zen «musikalki honek ez dauka ez hanka eta ez buru. Baina, bai, pentsatu nuen gero, herri hau horrelakoa da, denetik dago». Celtas Cortos taldea ere haize berrituta dator Hernanira eta berriro elkarrekin egitera dijoazen bide berriaren lekuko izango da Sagarrondotik jaialdia. Era berean, artista denek adierazi zuten sagardoa gustatzen zaiela, eta Loquillok azpimarratu zuen, gainera, «sagardoaren kultura dela bera hemen bizitzeko arrazoi nagusietako bat».
Ordubete pasako emanaldia talde bakoitzak Datorren ostiral eta larunbateko kontzertuetan talde guztiek denbora tarte bera izango dute eta bakoizak ordubete pasako emanaldia egingo du. Talde bakoitzak noiz joko duen sekretuan gorde du antolakuntzak.
Aurten 21:00etan hasi Aurten kontzertuak beste urtetan baino goizago hasiko dira. Gaueko bederatzietan joko du aurreneko taldeak eta goizeko bostak aldera bukatuko da jaialdia. Karparako sarrera berriz, iluntzeko 20:00etarako zabalduko du antolakuntzak.
Sarrerak «ondo» dijoaz Sagarrondotikek 10.000 lagun biltzea espero du egun bakoitzean. Datu zehatzik eman ez arren, antolatzaileek adierazi zuten sarrerak ondo ari direla saltzen. Bi egunetarako bonoa 36 eurotan dago. Egun baterako sarrera berriz, 21 euro da aldez aurretik hartuta eta 24 takillan bertan. Egunean bertan arratsaldeko 18:00etan zabalduko da takilla. Hernanin, Kaxkoko ia taberna guztietan daude sarrerak, eta ostegun eguerdi arte egon dira. Bestalde, karpa Landaren egongo denez, Landareko bidea itxita egongo da bi egun horietan, 17:00etatik aurrera. 3 metrotik gorako ibilgailuek egun osoan ezingo dute pasa.
Sagardoa kupeletan eta jateko karpa berezia
Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkarteak antolatzen duen Sagarrondotik ekimenak aurten zerbitzu berri bat ere izango du. Karpa aurten ere Landaren jarriko dute, baina, aurtengo honetan beste leku estali bat erantsiko diote, bereziki sagardoa kupeletik edan eta otorduak egiteko prestatua. Iluntzeko zortzietatik aurrera egongo da zabalik ostiral eta larunbatean.
Sagardo probaketa, txekor jana, herri kirolak eta
artisau azoka datorren igandean Urnietan
Sagarrondotik jaialdiak aurten ere eguerdi pasa ederra antolatu du azken egunerako. Sagardo probaketa, txekor jana, herri kirolak eta artisau azokak girotuko dute datorren igandeko festa. Iaz jendetza haundia bildu zuen azken eguneko ekitaldiak eta antolatzaileek eguerdia gehiago osatu nahi izan dute. Ekitaldiei dagokionez, aurten lehenengo aldiz Buruntzaldeko artisau azoka egingo dute, postu gehiago izango badira ere. Bestalde, iaz frontoi ondoko probalekuan izan zen festa eta aurten herriko plazan jarriko dute jendea lasaiago ibiltzeko.
Txekor janak ere estimazio haundia izaten du urtero, eta datorren igandean ere eguerdirako pronto izango da, gau osoan erretzen egonda. Laguntzeko, Urnietako bost sagardotegietako mama goxoa. Ekitaldia aurten 10:00etan hasiko da, iaz baino goizaxeago, denboraz lasaiago ibiltzeko.
Herri kirolek arrakasta
Sagardoak eta txekor janak lagunduko bazuten ere, herri kirolak izan ziren iaz Urnietan giroa gehiena berotu zutenak. Usurbil, Astigarraga, Urnieta eta Hernaniko taldeak aritu ziren elkarren kontra. Lagunarte giroan bai, baina, berriketa gutxi. Eta frontoia, gainezka. Aurten ere lau herriak elkarren kontra arituko dira zortzi probetan: kizkiarekin sagar biltzen, ingudearekin, harri jasotzen, giza proban, txingak, zaku lasterketa, lokotxak, eta soka-tira.
Herri bakoitzak, 17-18 laguneko taldea izango du, neska-mutilez osatuak. Taldeak gogotik ari da prestatzen, eta Hernanin badira prestatzaile eta guzti gauean ari direnak ere. Iaz Urnietarrrak irabazi zuten, eta Astigarraga gelditu zen bigarren. Probak 11:00etan hasiko dira.