‘Puzkarra Records’ zigilu berria

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 12a, 02:00

Joan den astean, aurkeztu zuten ofizialki Puzkarra Records zigilu berria, bi hernaniarrek sortua: Jon Ijurko eta Ibon Apezetxea Pepino. Doubling Boys talde bergararraren diska kaleratu dute oraingoz. Punk-Oi! musika taldeak ezagutaraztea dute helburu. Izen deigarria jarri diozue zigiluari, ezta? JON IJURKO: Bai, jendeak gogoratzeko izen bat jarri nahi genion. Gainera, Afonia taldetik gatoz eta hor nahiko puzkarreroak garenez... Zer moduz zuen estreinua? J.I: Aurrekoan aurkeztu genuen lehenengo diska, Donostiako London Diskak dendan. Egia esan oso harrera ona izan dugu komunikabideen aldetik. Hau lehenengo pausoa besterik ez da izan eta diska berriak produzitzeko asmotan gabiltza, beste denda batzuetan aurkezpenak eginez. Zein da zigilu honen helburua? Zergatik sortu duzue? J.I: Gure helburu nagusia da punk-oi! musika egiten duten taldeak ezagutaraztea. Horretarako diskak produzitu eta distribuitu nahi ditugu, bai Euskal Herri osoan eta baita hemendik kanpo ere: Bartzelonan, Madrilen, Galizian... Gu ez gara zigilu komertzial bat... zigilu eta distribuidora arteko alternatiba bat gara; punk-oi! musika egiten duenari bultzada bat emateko sortu dugu zigilua eta ez dirua irabazteko. Punk-Oi! musika aipatu duzu... zer panorama du estilo horrek hemen? Zer da Oi! musika? J.I: Oi! musika punk-aren bariante bat da, mantsoagoa agian, baina agresiboagoa. Talde pilo bat sortu da Gipuzkoan musika horren inguruan eta baita Hernanin ere: Afonia, Suburbio, Lacra, Orreaga 778, azkenekoa Nazka... Hazkunde bat nabari da eta herri guztietan asteburuero kontzertuak izaten dira, jendeari gustatzen zaion seinale! Aurreratu daiteke zuen hurrengo lanak zein izango diren? J.I: Bai noski. Martxo aldera aterako ditugu beste bi lan. Alde batetik Afoniaren single bat lau abestirekin eta bestetik Orreaga 778 taldearen CD bat kaleratuko dugu, azken honen aurkezpena Lasarteko Kaxkamotz dendan izango da eta zorterik bada kontzertu eta guzti izango da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!